Gaurkotasuneko 13 zutabe euskal kazetagintzan

Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian aurkeztu dute liburua/Behatokia
Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian aurkeztu dute liburua / Behatokia

Euskal Hedabideen Behategiaren 2018ko urtekaria aurkeztu dute Donostian: hogeita hiru egileren lanak biltzen ditu, eta «premiazkoak diren hainbat eztabaidagai eta horiek ahalbidetzeko azterketak» dakartza

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

«Premiazkoak diren hainbat eztabaidagai eta horiek ahalbidetzeko azterketak» dakartza, Libe Mimenza Behategiko koordinatzaileak azaldu duenez, Euskal Hedabideen Behategiaren 2018ko urtekarian. Besteak beste, euskal kazetagintzaren egoera, informazioaren kalitatea, arnasa luzeko kazetaritzari errepasoa euskal hedabideetan edota emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian aurkeztu dute hogeita hiru egileren 13 lan biltzen dituen liburua. 2015ean Behategia sortu zenetik hona argitaratzen den laugarren urtekaria da 2018koa. Artikuluak idatzitako zenbait irakasle eta ikertzailek ere parte hartu dute. Zehazki, Arantza Gutierrez, Itxaso Fernandez eta Edorta Arana UPV/EHUko irakasleek, hala nola Codesyntaxeko Josu Azpillagak eta Elhuyarreko Xabier Saralegik.

Lehen idazkian, 'Urteak eman duenari begiratu orokorra' kronikan, Igor Astibia Teiletxeak, HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko koordinatzaileak, iazko gako nagusiak errepasatu dituela azaldu du. Artikuluan, besteak beste, kazetaritzaren aurkako erasoez mintzo da eta komunikazioaren esparruan gailendu diren joera orokorrak ere aletu ditu.

Bigarren lana 2018an jendarteratutako euskarazko komunikabide berri eta berritzaile bati dagokiola gehitu du: 'Ttap aldizkaria: estrategia oso baten partea'. Mugikorretarako pentsatutako app honen nondik norakoak kontatzen ditu produktuaren argitaratzaile den Aldizkari Digital Multimediak SLren presidenteak, Jone Guenetxea Arrindak.

Mimenzak azaldu duenez, hirugarren artikuluan, inoiz egin den euskararen aldeko mobilizazio handienean jarri da arreta. Ziortza Alvarez Gandiagak, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologiako laugarren mailako ikasleak sinatu du 'Euskaraldiaren presentzia euskal komunikabideetan' lana.

«Artikulu luzeagoen atala irekitzen du laugarren lanak, hain zuzen, kazeta kontsumo azkarreko garaiotan eduki luzeek duten espazioa eta izaera marrazteko» gehitu du Behategiko koordinatzaileak . UPV/EHUko HGH ikerketa taldeko Udane Goikoetxea Bilbao, Imanol Murua Uria eta Txema Ramirez de la Piscina Martínezen lana da 'Arnasa luzeko kazetaritza euskal hedabideetan: egungo esperientziei errepasoa'.

Bosgarren lana osatzeko ibilbide profesional osoan Maria González Gorosarrik xehe ikertutako auzia dakarrela azaldu du Mimenzak: euskal kazetagintzaren kalitatea. UPV/EHUko HEKA ikerketa taldeko kideak 'Tokiko astekarien kalitatea' lanean aztertu ditu Alea, Anboto, Goiena eta Guaixe hedabideen indarguneak eta ahuleziak.

Genero kontua ere bada

Behategiko koordinatzaileak azaldu duenez, «hurrengo bi lanek genero begirada dakarte». Alde batetik, UPV/EHUko Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan ikerketa taldeko Arantza Gutierrez Paz eta Itxaso Fernandez Astobizak «Emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan: artikulu-motak, sinatzaileen soslaia eta gaiak» lana osatu dute. Bestetik, Elhuyar Fundazioko Testu Meatzaritza zerbitzu-lerroko arduradun den Xabier Saralegi Urizarrek osatu du «Euskal Herriko prentsa digitalean emakumezkoek zenbateko presentzia duten kuantifikatzen testuen meatzaritza baliatuta» artikulua. Bi begirada osagarri eta ikerketa-mota berriak abiatzeko metodologia berrikuntza bat.

«Zortzigarren lanak zabaltzen du urtekari honetako bigarren kutxa: Internet» zehaztu du Mimenzak. Lehenik, Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko Xabier Landabidea Urrestik kazetarien bizipenak jaso ditu 'Euskarazko hedabideak eta Internet profesionalen perspektibatik: egunerokotasuna, kontsumoa eta erreferentzialtasuna' lanean. Ondoren, CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labaka eta Mikel Lizarralde Asurmendik dakarten 'Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018' azterketan, iazko urteko gorabehera digitalak zehazten dituzte; eta kapitulua ixten du Behategiko koordinatzaileak berak idatzitako 'Euskarazko komunikabideak Facebook sare erraldoian 2018' lanak.

Jarraian azaldu duenez, hamaikagarren eta hamabigarren artikuluek, berriz, hartzaileengan jartzen dute arreta. Nork kontsumitzen ditu euskal hedabideak eta zenbat gara hartzaileak? Galdera horri erantzun dio UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko Josu Amezaga Albizuk «Euskarazko komunikabideen audientziak: ikuspegi historikoa» lanean, eta CIESeko datuen azterketaren bidez emandako erantzunarekin bat galdera berriak jarri ditu mahai gainean. Bestalde, gaur egungo gazteen kontsumo ohiturak ziztu bizian aldatzen ari direla kontuan hartuta, horiek behatzean jarri dute arreta 'Unibertsitateko ikasleen ikus-entzunezko kontsumoa' azterketan. Besteak beste, UPV/EHU eta EITBren arteko Applika ikerketa proiektuko kide diren Edorta Arana Arrieta, Itziar Azpeitia Iruretagoiena, Rebeka Garai Basterretxea eta Bea Narbaiza Amillategik eta Eusko Jaurlaritzaren Ikasiker deialdiko bekadun Edurne Benito del Valle Fernandez, Leire Lasa Goiri eta Gaizka Sanchez Saavedrak osatu dute lana.

Azkenik, aurtengo urtekariko azken lana DIGITAROn, Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarrean, HEKA ikerketa taldeko Jexuxmari Zalakain Garaikoetxeak eskainitako sarrera-hitzaldiko testu argitaragabea dela argitu du Mimenzak.

Temas

Euskera