Euskal Herria Irratiak jaso du Nafarroako Ikastolen saria
Komunikazio eremuan euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana goraipatu eta eskertzea da sariaren xedea, baina hedabideak Nafarroa Oinezekin beti izan duen lankidetza nabarmentzea ere
Asteazkena, 21 abendua 2022, 11:37
Euskalerria Irratiak jaso du aurten Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero ematen duen NIE Saria. Aitortza honek komunikazio eremuan euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lana goraipatu nahi du, eta eskerrak eman nahi dizkio ikastolekin eta Nafarroa Oinezekin beti izan duen lankidetza bereziagatik.
2015ean sortu zen NIE Saria, euskal hizkuntza eta kultura zabaltzeko lanean nabarmendu diren merezimenduzko pertsona edo erakundeei emateko. Sariak ez dakar diru kopururik, baina inplizituki Ikastolen Elkartearen esker onik beroena adierazten die ospe handiko pertsona zein erakunde horiei, errespetuz eta miresmenez. Aurten, 1988. urtean beronen ibilbideari hasiera eman zion Euskalerria Irratiari NIEk erakutsi nahi izan dio esker ona.
Ekitaldia gonbidatuen ongietorriarekin hasi zen eta, ekitaldiaren atal nagusian NIEko lehendakaria den Elena Zabaletak elkarrizketa egin zien kasu honetan irratiko kazetariei, ohiko paperak trukatuz. Ekitaldia Paz de Ziganda Ikastolako helduen abesbatzak girotu zuen Mari Paz Arizkunek zuzenduta, eta dantzari eta txistulariak aurreskua dantzatuz.
Emozioz betetako ekitaldi honetara erakunde ezberdinetako ordezkariak etorri ziren, hala nola, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde; Euskarabideko zuzendari-gerentea Mikel Arregi; Carlos Garaikoetxea, Nafarroako Ikastoletako ordezkaritza zabala, zein Euskalerria Irratiko langileak, familiak eta lagunak.
Elena Zabaletak eta Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendariak, hurrenez hurren, saria eman zueten Euskalerria Irratiko lagunei, Asun Goikoetxea artista bakaikuarraren 'Hegoa' izenburuko lana.
Emakumeek beti ehundu, lotu, adabatu, josi, trikotatu izan dute, munduaren azalera sentikorra konpontzeko keinuak behin eta berriz eginez. Lan arinari, ehunak egiteari eta gorputza zaintzeari esleituak, ekoizpen-munduaren ertzetara baztertuak izan ziren, ikusezintasun sozial, politiko eta sinbolikoaren maila aldakor batek kolpatuak.