Gazteak Lankidetzan programan izen-emandako gehienak emakumeak eta unibertsitate-ikasleak dira

Iaz hautatutako gazte-taldea/
Iaz hautatutako gazte-taldea

Aurkeztu direnen %82,74, irakasle-ikasketen, osasunaren eta zientzien arloetako andreak dira. Martxoan, 620 gazte horietako 100 hautatuko dituzte, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin dezaten hiru hilabetez

Euskadiko 620 gazte aurkeztu dira hilabete hauetan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria Saila Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako ehun plazatarako egiten ari den hautaketara, eta gehienak emakume gazteak dira. Bertako parte-hartzaileek, udako hiru hilabeteetan garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek Asian, Afrikan eta Amerikan egiten dituzten programetan laguntzeko eginkizunetan parte hartuko dute.

1989aren eta 1997aren artean jaiotako 620 euskal gazte horien artean, 503 emakumeak dira (% 82,74), 115 gizonak eta 2 identitate ez-binariodunak. 97 Arabakoak dira, 324 Bizkaikoak eta 199 Gipuzkoakoak. Beste urte batzuetan ere gertatu den bezala, gehienak unibertsitateko ikasleak dira, osasunaren eta zientzien arloetakoak. Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariaren arabera: «profil guztiak dira baliozkoak programan parte hartzeko, unibertsitarioak izan ala ez; izan ere, gure asmoa da GGKEek eskatzen dizkiguten profilak betetzeko pertsona egokienak eta jarduteko eremu ugari dituzten pertsonak hautatzea».

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programen bidez, Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetzako ekintzetan sentsibilizatu nahi dira, eta euskal gazteetan herri eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatu. Horretarako, hautatzen diren pertsonek zuzenean parte hartuko dute garapenerako lankidetza-ekintzetan Amerikako, Asiako eta Afrikako herrialdeetan. Esperientzia hiru hilekoa da.

Datorren otsailaren 28an egingo da aurrehautaketa, 220 gazte gehi erreserbarako beste 50ena.

Temas

Euskera