Etorkizunezko txirrindularia

19urteko Remco Evenepoel/Javier Etxezarreta
19urteko Remco Evenepoel / Javier Etxezarreta

1913 urtean, Natalia Concharova margolari errusiar abangoardiakoak (futurismoa, kubismoa eta bien batuketa zen rayonismoa ziren bere pinturaren estiloak, manerak) Txirrindularia izeneko lana burutu zuen. Denen esanetan, etortzear zen aro berri baten ziklistaren potreta benetakoa. Inork ez zuen espero, ordea, etorkizunezko txirrindulari hori Donostiako azken Klasikoan agertuko zenik

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Ederra da koadroa. Ederra oso. Atrebitua. Abiadura sumatzen duzu bertan. Abiadura oinpekoei eragite frenetikoan. Mugimendua, eutsiezinezko mugimendua igartzen duzu berez mugimendurik ez duen margolanean.

Gustuko zituen bai abiadura bai mugimendua bai teknologia futurismo-korronteak. Maite zituen makinak. Desira-objektuak izan daitezkeela ederki zekiten pintore horiek. Eta hala margotzen zituzten. Nataliak, esaterako, pintzelkada biribilduen bitartez igortzen dizkigu katearen bira zilarrezkoak. Maite zuten ere kubistek hamaika noranzkotan gorputzak deskonposatzea. Deskonposatu geroxeago berregin ahal izateko. Apurtutako haragi-hezurrezko puska horiek lerro bizkor hainbatez berregiteko joko basa zuten atsegin.

Natalia Concharovaren 'Txirrindularia' margolana

Bikaina da Natalia Concharovaren Txirrindularia. 1913an osatua. Denek pentsatu izan zuten bertan, artean existitzen ez zen ziklista baten igarpena asmatu zuela Errusian jaio eta Parisen hil egin zen artistak. 2019ko abuztuaren 3an amesturiko ziklista hori Gipuzkoako mendatetan gora ikusiko genuela nork espero, nork susmatu, nork amestu?

Baina hala izan da. Hala suertatu zen larunbat eguzkitsu batean. Hala aldarrikatu zuten zaleek txaloz eta goraz. Hala baieztatu lasterketaren epaileek. Eta Nataliak Concharovak duela mende bat sortutako txirrindulariak Donostian jantzi zuen irabazlearen txapela.

Ba al du izenik iraganetik datorren ziklista biharko honek? Badu bai. Izena eta kontatzeko asko. Izena, izana eta urte gutxi: Remco Evenepoel, belgikarra dugu; 2000ko urtarrilaren 25ean jaioa. Futbolean aritua. Manera onez. Defendatzeko kapablea zen erdilari jardun zuen Anderlecht talde historikoan. Belgikako gazte selekzioetan ere jokatu zuen. Bertan eta behin baino gehiagotan, kapitainaren erantzukizunaren zama onartu ere bai.

Futbol zelaietan ibili zen 17 urte bete arte. Aulkian denbora gehiegi pasatzen zuela pentsatuz (amorrazioz) baloia utzi eta bizikleta hartu. Hasi berritan ere denek antzeman zuten etorkizunezko ziklista hura, Nataliarena, bera zela. Europako bide probako irabazle, 10 minutu atera zion bigarrena heldu zenari. Iazko erloju kontrako Nazioartekoan lortutako markak sinestezinak suertatu zitzaizkien lehiakideei zein ikusleei, epaileei zein entrenatzaileei.

Abuztuaren 5eko Donostiako Klasikoa egun bakarreko lehenbiziko lasterketa handia zen berarentzat. Instagramen prest eta presto zegoela idatzi zuen . Eta ez zen ez broma ez harroputz baten aldarrikapena. Jaizkibelen erakutsi zuen irabazteko zela etorria.

Eskarmentu handiko lasterkari baten moduan, helmugarako 20 kilometro falta zirela egin zuen eraso. Txikitu zituen distantzia guztiak. Txikitu arerioak, txikitu marka oro.

Bai, berak txikitu, 19urteko Remco Evenepoelek, futbolari ohiak. Frantziako Tourrarekin amets egiten duen mutiko belgikarrak.

Txirrindularitzaren orain arteko arau, lege, modu guztiak hankaz gora jartzen ari den belaunaldi berri baten ordezkari nagusitzat dute adituek. Idolo, berriz, zaletuek.

Denen ahotan, bera. Solasaldi eta apustu guztietan, bera. Natalia Concharovak margotu zuen ziklistaren ondorengoa.

Tamalez, aro berri honetan kide izan zezaken Bjorg Lambrecht gaztea ez da bere tropelekoa izango. Astelehenean hil zen Poloniako Biran. Euripean, ekaizpean bizikletaren menderatu ezin, erori eta agur betiko. 22 urte zituen. Azkarra zen. Bizkorra. Espainiako Biran zuen izena emanda. Adiorik ez, Agur t'erdi baizik.

Temas

Euskera