'Roma', inspirazio amaigabea

Cuaronen filmeko fotograma/EFE
Cuaronen filmeko fotograma / EFE

70 milimetrotan filmaturiko Alfonso Cuaronen 'Roma'ren oihartzun eta itzala ez da amatatzen, areagotzen baizik. Ostiralean, pelikula hori, inspiraziotzat harturik, 15 sortzailek egindako musikaz beteriko diskoa kaleratu zen

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Hollywoodek, konturatzeke ala ganoragabe, ezustean ala pulamentu gutxiz, ateak ireki dizkion Troyako Zaldia deitu diote Netflix plataformak sostengaturiko film ikaragarriari, azal zuri-beltza eta bihotz odol kolorekoa dituen horri. Zeluloidearen neurririk handienean burutua izan arren, orain dugun pantailarik txikienean (gure sakelakokoan, esaterako) ikus daitekeenari. Iazko Venezian 'Urrezko Lehoia' irabazi bazuen ere, planetako ehunka zinema aretotako ateak itxi dizkioten horri, hain zuzen.

Usteko Troyako Zaldi horren irrintzia gero eta ozenago entzuten da. Haren lauhazka gero eta bizkorragoa, gero eta dotoreagoa dugu. Espainiako Goya sarietan lortu zuen ikur preziatua, eta Oscar sarietan 10 sailetan da finalista.

Etengabe jasotzen ditugu Alfonso Cuaron maisuaren lanaren notiziak. Azken-aurrekoa ikaragarria da. Otsailaren 8an kaleratu da sareetan, diskoetan bezala, musika sorta bikain eta bitxia. 'Music Inspired By The Film Roma' du izenburu, eta punta puntako musikariak biltzen ditu plataforma guztietan eta bizirik dirauten disko-denda apur horietan dagoeneko eskuragai diren binilo eta cd-etan.

Nortzuk dira hamabost musikari horiek? Ba, esaterako… Patti Smith! Wing kanta aspaldiko bare, suabeak irekitzen du diskoa; baina maila berean jar dezakegu Café Tacvba bikotearen ekarpena. Smithek Cleo protagonistaren erretratu musikala egiten duen bitartean, rock-talde mexikarrak Mexiko hiriburuaren eromen oparoan murgiltzen gaitu 'La hora exacta' abestiarekin.

Harrigarritzat joko duzue, ziur, erdi frantziarrak erdi kubatarrak diren Ibeyi ahizpa bikien proposamena: 'Cleo, quién cuida de ti' izenekoa. Esperimentazioa hain gogoko duen Los Angeleseko Beck artista psikodeliko-elektroniko-hip-hopeko alternatiboak, berriz, diskoan dagokion pistari gaina hartzen dio Tarántula-rekin.

Sinesten zaila, sakon gozatzeko modukoa, 17 urteko Billie Eilishek 'When I was older' kantari ezartzen dion samurtasun mingotsa. Gerta liteke zuek DJ Shadowsen 'We are always alone' malko artean entzutea. Zergatik malko gezamin horiek? Ederki, era fin eta tristean egokitzen zaie-eta musika hori Roma-ko amaren hitz gaziei. Gogoan? 'Emakumeok beti gaude bakarrik'…

Hamabost kanta

Hamabost kanta. Berezko soinu-bandarik ez duen film batek eraginik. Benetan Romak soinu-bandarik ez duela? Propio sortua, ez, bederen. Abestiak ordea , bai, baditu. Garaiko musika barra-barra entzuten da filmean. Ederki aukeratutakoa. Segun eta nork entzuten duen. Segun eta noiz. Segun eta non. Segun eta zergatik. Segun eta zer gizarte mailatan. Baina 70. hamarkadako Mexikon ez zen Patti Smith aditzen. Are gutxiago irratian. Eta filmean entzuten den guztia irratiaren bidez datorkigu.

Lynn Fainchteinek hartu zuen Roma musikaz janzteko ardura. Cuaronekin, Iñarriturekin, Sallesekinegin du lan. Hollywooden ere. Netflixeko hamarren bat telesailatan musika diseinatzale moduan jardun izan da.

Berak erabaki behar zuen Cuaronen filmean zer entzuten zuen nork, noiz eta non. Neskameek sukaldean, etxekoandreek saloian, neskatoek eta mutikoek euren logeletan. Gazteak goateketan. Aitak, etxera kotxez zetorrela, DFn une hartan nagusia zen kate klasikoa zuen jarrita….

Horrexegatik, leku, jende, giroaren arabera hautatu zutelako musika, berezko soinu-bandarik ez duen zinema puska paregabean Rocio Dúrcal antzematen dugu kantari. Eta Juan Gabriel. Eta Chicontepec hirukotea. Gehi Roger Whitakker edo Leo Dan. Jesucristo Superstarreko abestiak ere hor daude…Rock gutxi, hori bai. Zenbait hamarkadatan zehar boterean iraunzuen PRI alderdiak ez zituen gogoko ez tximak ez gitarra elektrikoak. Ondorioz, R&R-a bazterrekosoinu marjinala zen.

Lynnek pelikula jantzi zuen musikaz. Mimo handiz. Horrela, garai baten, mundu baten, gizaki batzuen erretratua den zeluloide horrek arras benetakoa ematen du pantailan. Veneziako Lidokoan gure mugikorretakoetan bezala. Baina, opari gisa, hor duzue 'Music Inspired by The Film Roma'. Binilo zein mp3 formatuan.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos