Errigora mugimenduaren ekimenean parte hartzeko azken egunak

Produktuak bidaltzeko prestaketa lanean Ablitaseko herrian/
Produktuak bidaltzeko prestaketa lanean Ablitaseko herrian

Erriberako olio eta kontserbak erosteko aukera izan da orain arte, eta aurten bi produktu berri gehitu dituzte: arroza eta kamisetak

DVDonostia

Hauek dira Erriberako ikastola eta euskaltegien aldeko 'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' ekimenean parte hartzeko azken egunak. Ekimenaren bosgarren urtea da eta «5 urte maite duguna elikatzen» leloaren pean egiten ari da. Hilaren 22 da eskaerak egiteko azken eguna.

Jakina denez, Nafarroako Erriberako nekazarien zenbait produktu erostea da kanpaina honen funtsa, irabaziak Erriberako ikastola eta euskaltegien artean banatzen direlarik. Aurtengoan berritasun nabarmena dago: ohiko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatzeko aukera izango da, baina, horrez gain, oraingoan arroza eta kamisetak ere badaude aukeran.

Beti bezala, jaki guztiak ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta eskuratu daitezke, ekologikoak zein ez-ekologikoak. 130 herri ingurutan izango da eskaerak egiteko aukera, eta ia 300 gune izango dira aukeran produktuak jasotzeko. Informazio zehatzagoa nahi izan ezkero (produktuen zerrenda eta prezioak, eta eskaerak egiteko tokiak), hau da helbidea: www.errigora.eus 2013ko udazkenean egin zuen Errigorak bere lehen kanpaina, aurreko urtean Zazpiak Bat Harreman Sareak bultzatutako esperientzia oinarri hartuta. 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' lelopean, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako ia 9.000 kutxa banatu zituzten Euskal Herriaren luze-zabalean, eta 112.000€ bideratu bertako euskalgintza hauspotzera.

Zalantza guztiak uxatuz, oso harrera ona izan zuen proposamenak. 30 herri ingurutan egin zuten kanpaina lehen urte hartan, eta 30.000 litro olio eta 50.000 ontzi kontserba heldu ziren 1.500 bat sukaldetara. Hurrengo lau urteetan kanpainak izan duen hazkundea ikaragarria izan da: 5 urtetan 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dira, eta 2018ko kanpainan 6.500 etxetan egin zuten eskaera. 

Kanpainaren planteamendua, oinarrian, bere horretan mantendu da bost urteotan. Hala ere, nabarmen zabaldu da eskaintza eta, kontsumitzaileekin batera, asko hazi da parte hartzen duten ekoizleen kopurua. 2017an beste pauso bat eman zuten: produktu guztiak ekologikoan ere eskaintzen hasi ziren.

Temas

Euskera