Borrar
Filmeko fototgrama
Ereñozuko erritua Bilboko pantailetan

Ereñozuko erritua Bilboko pantailetan

Berreskuratu zuten Urumea ondoko biztanleek aspaldiko izeneko usadioa. Ikusgai da Zinema Ikusezinaren 11. Jaialdian horren berri ematen duen filma

Begoña del Teso

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Viernes, 18 de octubre 2019, 16:44

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gaur, emakumezkoei dagozkien beste hainbat hitzekin gertatzen den moduan, atso eleak badu halako zentzu gutxiesgarria. Egun, antza, edade handiko andreak seinalatzen ditu. Gorputzez, adimenaz nahiko ezinduak, askotan burua argi ez dutenak, bizitzaren azken atalean eta heriotzaren atarian direnak.

Baina urteetan, mendeetan zehar ez da hala izan. Atso hitzaren esangura arras bestelakoa genuen euskaraz. Adineko emakumea adierazten zuen, bai, baina ez gizaki ez osatua, ez akaberaren zorian zena. Alderantziz, oso. Atsoak adinez, eskarmentuz, bizitakoaren poderioz asko zekiten eme jakintsuak nabarmentzen zituen. Egun, hizkuntza askotan hitza berriekin azpimarratzen den horretan zebiltzanak: emakumeen artean betidanik existitu den sorority, sororidad edo ahizpatasunean, hots.

Horretan jarduten zuten, bai, auzolanean, ahizpekiko auzolanean. Haurdun zirenen laguntzan, erditzen zutenen sostengu; ama izan eta gero indarberritu behar zuten haien babesa, komunitatearen aholkulari.

Zentzu positibo hori gordetzen du askok entzungabe zuten atsolorra esamoldeak, garaiak kasik garaiak ez zirenetik Euskal Herrian praktikatzen zen erritu baten izena. Garaiak garaiak ez zirenetik pasa mendeko 70. hamarkada arte iraun zuena. Milurteko honetako hastapenetan berreskuratua.

Atsolorra da emakumea erditzearen mina, izu, alegrantzia, malenkonia suabe suabe, ia goxo eta penarik gabe eramaten lagundu izan zuten guztiak biltzen zituen festa. Jaiotzaren ondoko jaia non gizonezko batek ere ez zuen sartzerik.

Atsolorra kafea eta anisa, dantza eta mihi zorrotzak; atrebentzia ugari; emakumeak kontu kontari, emakumeak kartetan, emakumeak azpiko arroparik gabe argazkiak ateratzen. Gizona kanpoan. Ehizan, soroetan edo soziedadean. Baina ez etxean. Atsolorraren eguna emakumeen jaia baitzen, ahizpa guztien bilkura. Gero etorriko zen etorri beharrekoa, komunitatearen aurrean jaio berria aurkeztu behar zen eta. Pasa diren denbora horietan haurrak ez baitziren gurasoenak bakarrik. Ez soilik familiarenak. Komunitatearenak baizik. Komunitate osoak hartzen zuen kide berri horren heziketaren ardura.

Galdu zen atsolorraren usadioa. Baserriak hustu ziren, jaitsi ziren bertakoak kalera, lantegietara, bulegoetara, guduetara, Ameriketara, erbestera. Hasi ziren pisuetan bizitzen, auzokideak elkar ezagutzen ez zuten eraikinetan aterpe hartzen. Haurrak ez ziren jada etxean jaiotzen. Egia esateko, haur gutxi jaiotzen ziren.

Baina Ereñotzun, Hernanitik horren hurbil eta aldi berean hain urrun den 600 biztanleko eta nortasun handiko herrixka txikian, baten batek entzun, irakurri, amestu zuen atsolorra hitza, izan zuen, bai, festa horren berri.

Ikertu ere. Eta berreskuratzeko proposamena luzatu. Hala suertatu da. Hamarkada honetan zehar. Bildu dira gurasoak, senideak, auzokoak XX. mende honetako atsolorra berrietan. Txalaparta jo izan da kultura etxean. Topa egin dute. Baita kantatu ere. Aldatu dira hainbat kontu. Ez da nahitaezkoa emakumea izatea atsolorran parte hartu ahal izateko zioten paretetan jarritako afixek, buzoietan utzitako mezuek.

Eta horren guztiaren berri ematen du egunotan Bilbon pantailaratu den Ruben Rosasen 'Atsolorra' ertametraiak. Munduak korritu ditu zinema puska horrek. Lekeition Benito Ansola sari txit preziatua eskuratu zuen. Pasaiako, Enkarterriko edo Durangoko zinema akelarretan ere dastatu dute. Baita Malagako eta Huescakoetan ere. Indiako Dadasaheb Phalke International Film Festivalean txaloz hartu zuten. Braboka Italiako Intimalenten. Eta Nigeriako Inshort izenekoan, zorioneko txistuekin.

Ruben eskarmentu handiko irudi gizona dugu. EHUn eta Bartzelonako Autonomoan ikasia, telebista saio anitzetan egin du lan gidoigile edo ekoizle. Sinatu ditu lauzpabost labur majo, zorrotz, umore nahiko beltzak tindaturik. Esaterako, igande bateko proposamena edo 'Hoy no es buen día para morir'.

Atsolorra, aspaldi zaharreko tradizio galduta gaurko usadioekin berreskuratua. Atsolorra, mundu guztiak korritu eta gero, Bilbon atsedena hartu duen pelikula. Ereñotzun sortua. Jaiotza erritu batean.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios