21 erakundek osatuko dute Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua

21 erakundek osatuko dute Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua
EUSKALTZAINDIA

Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde garrantzitsuenak daude tartean, baita Espainiako Gobernua eta gainerako akademiak ere

Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu da ostiral honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian. Besteak beste, bertan bildu dira Patronatua osatuko duten hogeita bat erakundeak, tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak.

Uztaileko Osoko bilkura profitatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu Jauregiko Batzarraldi Aretora. Osoko bilkura amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia, non hitz egin duten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordeak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

«Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan», adierazi du gaur Andres Urrutiak agintari eta gizarte eragileen aurrean. Euskaltzainburuak Akademiaren hastapenak gogoratu nahi izan ditu, azpimarratuz, ordutik etenik gabe lanean jardun duela erakundeak, «garai gozo zein latzetan», «nola Iker hala Jagon sailetan, euskararen inguruko ikerkuntza linguistikoari eta gizarte erabileraren arlo desberdinei adi-adi».

«Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina» andres urrutia, euskaltzainburua

Gogoratu du, orobat, Euskaltzaindiak «zin-zinezko komunitate zientifiko, akademiko eta soziala ondu eta mamitu» duela urte hauetan, bestelako errealitate batzuk aurrera eramanez eta finkatuz, «egun euskal kulturaren ezinbesteko erreferentzia direnak»: dela euskararen estandar linguistikoa formulatzea, dela ikastolen mugimendua, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak eta euskaltegiak, edo dela bertsolaritza, literatura sorkuntza edo itzulpengintza.

21 ERAKUNDEAK

    Urrutiak aitortu du Akademiak baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, eta esan du Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dela amatatu, euskara aitzinatzeko erakundearen nahiak indartsu jarraitzen duela eta ohartarazi du zeregin hori «euskararen eremuan lan egiten duten guztiekin batera» gauzatu behar duela, «ondorengo urteetan ere Euskaltzaindia erreferentea izan dadin euskararen munduan, tankera irekian lan eginez, guztiok baikara Euskaltzaindia».

    1918ko proposamena

    Osoko bilkura Bizkaiko Foru Aldundian egiteak badu funtsa. Izan ere, Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean abiatu zen, zehatz-mehatz urtarrilaren 12an, Ramon de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldun abertzaleek Euskararen Akademia -izen hor jarri zioten hastapenetan- bat sortzeko proposamena aurkeztu zutenean, Aldundiaren Osoko bilkuran eztabaidatua izan zedin; proposamena euskaraz aurkeztu zuten eta bertan argi azaltzen zuten euskararen etorkizunerako behar-beharrezkoa zela erakunde bat sortzea.

    «Lenen-lenen ba, bidia atondu beaŕ, beragandik ondo ibilteko ta bera zuzen erabilteko. Biaŕ-añeko notiñen Bazkun bat, aldiak batak bestiakin azteŕtu ta aldan ondoen erabagiteko; utsunak bete; itzen ikuŕpena eta esanguria tinkotu-idazkera bat jaŕi; izkelgiak bata be ezetsi barik eta alkaŕe geitu ta aberastuta baino, orobatu; idaztiyak bildu, eta azkenez, izkera gaŕbi, makezbako jakintz-lanetarako egoki ta erabilkoŕa, eusko-eŕien gaigaŕia, emon dagizkun». Horiek izan ziren Euskaltzaindia sortzeko mahai gainean jarri ziren lehendabiziko arrazoiak, eta hortik Oñatiko biltzarrera egin zen jauzia, eta gero etorri zen aldundi desberdinen aitortza, lehen euskaltzainen izendapena, araudiaren onartzea...»

    Temas

    Euskera