«Erabilera areagotzeari« lotu behar zaio hizkuntza politika

Zenbait parte-hartzaileren taldeko argazkia. Hor dira, besteak beste, Juan Maria Atutxa, Bingen Zupiria, Andres Urrutia, Miren Dobaran eta Mikel Arregi./SABINO ARANA FUNDAZIOA
Zenbait parte-hartzaileren taldeko argazkia. Hor dira, besteak beste, Juan Maria Atutxa, Bingen Zupiria, Andres Urrutia, Miren Dobaran eta Mikel Arregi. / SABINO ARANA FUNDAZIOA

'Euskararen erabileraren gakoak' mintegia egin zen atzo Bilbon, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuta

Euskararen erabilera areagotzea da hizkuntza politikaren arloko erakunde publikoen helburu nagusia, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak erabilera sustatzeko politika publikoak aztertzeko eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten alderdiez hausnartzeko atzo, osteguna, Bilbon egin zen mintegian azpimarratu zutenez.

EAEko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politiketako arduradunak eta euskal lurraldeetako ordezkariak bildu ziren Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Hizkuntza politikaren eta euskal kulturaren esparruetako 50 bat arduradunek parte hartu zuten 'Euskararen erabileraren gakoak' izeneko mintegian.

Ildo horretan, gogoeta eta eztabaida saioari hasiera eman zion Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu zuen euskararen erabileran eragiten duten alderdiak aintzat hartu behar direla.

Bere hitzetan, euskarak azken hamarkadatan izan duen biziberritzea gertatu da «euskal gizartearen ekin irmoagatik» eta, horri esker, «euskarak milaka hiztun irabazi ditu». Horrela, euskararen ezagutzak oraindik gora egin behar duela esan du, baina, gaur egun, «erabilera areagotzeari lotu» behar gatzaizkiola adierazi zuen.

Zupiriaren iritziz, «hiztunen ezaugarriak biziki aldatu dira eta, euskararen erabilera bultzatzeko politikei ekiterakoan, eragin handieneko alderdiak aintzat hartu behar ditugu. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta ingurune hurbila ditugu nagusiak, baina badira eragiten duten beste alderdi esanguratsu batzuk».

Horregatik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak nabarmenzuen zuenez, «erakundeak lanean aritu behar dira euskararen erabilerak gora egin dezan datozen urteotan, gorakada hori lortzeko ageriko ahalmena daukagu eta».

Bestalde, bere mintzaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi zuen euskararen erabilera Euskaltzaindiaren «kezka eta ardura» izan dela erakundea sortu zenetik. Bere esanetan, Akademiak «hizkuntzaren erabilera bultzatzen jarraitzen du gaur egun; edozelan, baina, ez».

Euskaltzainburuak adierazi zuenez, «sakontasun eta zabaltasunez aritu nahi dugu euskaraz, hizkuntzari gizarte moderno batean dagozkion eginkizunak betetzeko helburuz. Euskara erabili bai, hainbat leku eta gunetan, hainbat testuinguru eta erregistrotan erabili ere; hau da, euskara osotasunez, era egoki eta berezkoan erabili nahi zuengu. Eta, horretarako, lan handia egin behar dugu oraindik, batez ere, euskara batuaren ikusmoldetik».

Horren haritik, Urrutiak azalzuen zuenez, «bide horretatik» doa Akademia, eta, bere ustez, Euskaltzaindiak berak urrian Arantzazun egingo duen jardunaldiak «balio dezake mende laurden honetan euskara batua gizartean nola hedatu den ikusteko, baina, batik bat, etorkizuneko erronka zein diren antzemateko balio behar digu».

Gainera, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Maria Atutxak nabarmendu zuenez, erronka nagusia «euskararen jakintzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea da». Horretarako, Atutxaren ustez, bi giltzarri daude: «Alde batetik, euskara erabiltzea ahalbidetzen duten politika publikoak ezartzea eta, bestetik, hiztunen nahia».

Erronka horiez gain, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak Euskaraldia ekimena aipatu zuen. Ekimena 11 egunetan garatuko da udazkenean euskararen lurralde guztietan eta, horren bitartez, erakundeen zein gizartearen ahalegin guztiak batu nahi dira, guztion euskararekiko konpromisoa sendotzeko helburuz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos