Energia berriztagarriek ez dute elektrizitatearen prezioa garestitzen

Panel fotovoltaikoak Portugalen. /JOSE MANUEL RIBEIRO/REUTERS
Panel fotovoltaikoak Portugalen. / JOSE MANUEL RIBEIRO/REUTERS

EHUko eta Valladolideko Unibertsitateko ikertzaile talde batek energia berriztagarrien kooperatibei jarri dizkieten eragozpenak eta izan duten bilakera aztertu dituzte

Energia berriztagarrien kooperatibek izandako bilakaera aztertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Valladolideko Unibertsitateko hiru ikertzailek, eta energia berriztagarriek elektrizitatearen prezioa garestitzen dutelako uste zabaldua gezurtatu dute. EHUk zabaldu duen oharraren arabera, «kooperatiba horiek bizirik irauteko eta egokitzeko gaitasun handia garatu dutela egiaztatu dute, erregimen ekonomiko-politikotik jasotako kontrako jarrerari erantzuteko«.

Hiru ikertzailek egin dute ikerketa: Álvaro Campos eta Jon Terés EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Makina eta Motor Termikoak Saileko ikertzaileek eta Iñigo Capellán Valladolideko Unibertsitateko Energia, Ekonomia eta Sistemen Dinamika taldeko kideak.

Egileen arabera, gizarteen iraunkortasuna lortzeko, ezinbestekoa izango da energia iturri fosiletatik sortzetik iturri berriztagarrietatik sortzera iragatea. Gizarte eragile batzuek lortu nahi dute trantsizio hori «teknologikoa baino gehiago izatea, eta gizartea eraldatzeko duten gaitasuna ustiatu nahi dute, iturri berriztagarriak moduluka erabil daitezkeelako eta maila lokalean sor dezaketelako energia», azaldu du Camposek.

«Herritarrek eragin aktiboa izan dezakete energia»

Horrela, energia berriztagarrien kooperatibak «hautagai onak» dira trantsizio horretarako. Herritar taldeek eratzen dituzte, eta beren gain hartzen dituzte energia berriztagarria sortu eta merkaturatzea. «Halako ereduak egokiak izan daitezke gaur egungo energia eredua ordezkatzeko, bost enpresa handiren esku baitago, eta demokratikoagoa eta irabazi asmorik gabekoa bihurtzeko. Hala, herritarrek zeregin aktiboa izan dezakete energian, alegia, beren bizitzan hain erdigunean dagoen eta hain garrantzitsua den zerbaitetan», adierazi du Terések.

Enpresal eta gobernuak

Alabaina, Camposek azaldu du energia berriztagarriak ez daudela beren onenean: «2004. urtetik aurrera babes instituzional handia izan bazuten ere, 2011. urtearen inguruan gertatu ziren araudi aldaketek ia ezinezko bihurtu zuten berriztagarriak ekonomikoki bideragarriak izatea, eta hainbat enpresak eta inbertitzaile txikik porrot egin zuten».

Ikertzailearen arabera, arrazoi konplexuak egon ziren aldaketa horren atzean. Azaldu duenez, «krisi ekonomikoaren aurretik, gizartearen kontsumoa zenbat handituko zen iragarri zuten, eta era guztietako zentraletan egin zituzten inbertsioak, bai berriztagarrietan, bai fosiletan. 2008tik aurrera, ordea, igotzen jarraitu beharrean, kontsumoa jaisten hasi zen, eta inbertsio asko arriskuan jarri ziren, bereziki merkatu libreko egoeran».

Egindako ikerketan, Estatuko energia iturriek egoera horretan zer jabetza zuten aztertu dute: «Energia fosilen jabetzaren eta produkzioaren %90 baino gehiago elektrizitate enpresa handien esku dago, eta, esan dezagun enpresa horiek oso harreman ona dutela egon diren gobernuekin. Energia berriztagarriak, aldiz, bestelako inbertitzaileenak dira hein handiagoan. Gatazka hori egon daiteke gertatu zenaren atzean».

«Araudia aldekoagoa balitz, berriztagarriak hedatzea indartuko litzateke»

Garai berean, gainera, «prentsan ideia bat zabaltzen hasi zen, eta esaten hasi ziren berriztagarriak garestiak zirela, argiaren prezioa garestitzen ari zirela eta denon artean ordaintzen ari ginela hori. Baina fenomeno hori aztertzen zuen jendearengana jo genuenean, erreferentzia bila, ikusi genuen kontrakoa frogatzera iritsi direla, hau da, berriztagarriek, berez, argiaren prezioa merkatu egiten zutela», nabarmendu du.

Kontrako egoera horien guztien aurrean, «testuinguru berrira egokitu beste aukerarik ez zuten izan kooperatibek, eta proiektu berriak atera ahal izan dituzte aurrera finantziazio bide berritzaileen bitartez», arrazoitu du Terések.

Adibidez 'Recupera el Sol' ekimenaren helburua da herritarren ekarpen txikien bidez, instalazio fotovoltaikoak sozializatzea, hainbat jabek halabeharrez atzean utzi baitituzte instalazioak, egindako inbertsioaren finantza kostuak ordaintzeko adina itzulkin jaso ez dutelako.

Gaur gaurkoz, Espainiako kooperatibek 70.000 baino kontratu gehiago dituzte, guztira. «Estatuko elektrizitate kontratu guztien %0,3 baino ez bada ere, garrantzitsuena da kopurua nabarmen handitzen ari dela, azkeneko hiruzpalau urteetan, bereziki», esan du Camposek.

Ikertzailearen ustez, «kooperatiben oraingo zeregina da frogatzea energia berriztagarria eta energia kudeatzeko modu hori bideragarria dela, baita merkeagoa ere, elektrizitatearen prezioari dagokionez. Ez dago zalantzarik asko dagoela oraindik egiteko, baina potentziala oso handia da, zinez. Eta araudia aldekoagoa balitz, berriztagarriak hedatzea indartuko litzateke, ezbairik gabe».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos