Bi emakume markaz kanpoko Bartzelona aldean

Isabelle Huppert aktorea /Afp
Isabelle Huppert aktorea / Afp

Ez dira gurera ailegatuko baina biak dira giraipatzeko moduko andre apartak. Biak arrimatu dira Kataluniara. Bata ohol gainetan. Bestea, aldiz, kantutan. Biak ezagutzen ditugu ederki. Biak maitatzen ditugu. Errespetu handiz. Goganbeharrez ere biak baitira peligrozko eme bikainak: Charlotte Gainsbourgh eta Isabelle Huppert

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Charlotte musika jaialdiz jaialdi dabil azken disko berea aurkeztuz. 'Rest' du izenburu. SebastiAn elektro musikari oldarkor eta muturrekoa da ekoizlea eta bere manera ausartak, hausleak arras, nabarmenak dira, esaterako, Deadly Valentine izeneko abestian (kantu honen bideoklipa Charlottek berak filmatu zuen).

Beste hainbat laguntzaile fin izan ditu Serge Gainsbourgh eta Jane Birkinen alabak kantuak osatzeko; Paul McCartneyek sortu zion Songbird in a cage izenekoa. Lagun gehiago, maila gorenekoak izan ditu Lars von Trierren alosiak musika odisea honetan: Daft Punk taldeko Manuel de Homen-Christok parte hartu du bertan. Eta 'Her' film abangoardiakoaren soinu bandaren egilea Owen Palletek ere. Askoren esanetan, Owenen erak definizio bakarra onartzen du: pop barrokoa.

Ondoan, alde ere 'Rest' horretan Connan Mockasain, Zeelanda Berriko pop psikodeliko eta rock espazialaren erregea. Konplize ugari beraz; ugari eta ez nolanahikoak ia denek laudatu duten lan basati honetarako. Basatia eta probokazioz gainezka. Izan ere, Charlottek berak egun, probokazioa ezinbestekoa baino behar beharrezkoa dela aldarrikatu du. Ozenki eta berripaperetan aldarrikatu ere.

Errebindikatzen ditu 'Melancholia', 'Antichrist' edo 'Nymphomaniac' arriskuz beteriko filmetan parte hartutako artistak umore zorrotzaz eta adimenez gainezka den probokazioa. Aitak ederki erabiltzen zuen bera.

Erreibindikatu ere mina eta furfuria. Azken diskoa blai da bataz eta besteaz. Atsekabea dario bi hildako maitaturik baititu gogoan kantari dabilela: aita eta bere buruaz beste egin zuen Kate Barry ahizpa. Alta, oinazea baretzen denean, oroipen onak agertzen dira derrepentean. Derrepentean baina suabe suabe. Gainezka dira horretaz ere hainbat kanta on. Esaterako, Kate izenekoa.

Charlotte, Charlotte Gainsbourgh. Charlotte Gainsbourgh Birkin. Aitak idatzi zizkion hainbat abesti. 12 urteekin elkarrekin kantatu zuten makina bat jendek arbuiatu zuten Lemmon incest konposizioa. Esan, esan zuten zikina zela. Gaur Charlotte helduari entzuten diozula, alabaren bihotzean Sergeren hutsunearen tamaina antzematen duzu. Ez, ez du tonu zikina. Baizik eta aita batek alabari eskainitako kanta eder batena Charlotte. Rest. Egun, karteldegian dirauen 'Varda by Agnès' dokumental paregabean umea zela ikusten duzu.

Ahizparen eta amaren konpainian, Agnesen kamera aurrean. Gainsbourg Barkin, Charlotte. Musikak beldurtzen zuela aitortu zuen behin. Pasa dira ordea garai ilunak. Tristea da Rest. Baita zutik, irmo, tinko, amoros irauteko orro zauritu, gozo, epel, ederra. Katalunian aurkeztu du. Zuzenean. Sarean bada. Dastagai. Gazia. Gozoa.

Beste kreatura berdingabea Isabelle Huppert da. Haneke eta Verhoeven zinema zuzendariek miretsia, beste hainbat izutu egiten du. Chabrolekin egin du lan. Baita Claire Denisekin ere. Amore ematea zer den ez dakiten pertsonaiak antzeztu izan ditu beti. Askotan, errukia ezagutzen ez dutenak ere. Ez jainko, ez lege, ez bandera ez maisu onartzen ez duten horietakoak. Cannes jaialdiak maite du ero moduan. Donostiako Zinemaldiak belauniko eskaini zion Donostia saria.

Asteburu honetan Bartzelonan da. Grec antzerki festan. Robert Wilson sortzaile bikainak zuzentzen du Eskoziako Maria Estuardori buruzko mugarik gabeko lan batean. Izenburua? Mary said what she said. Europa osoa korritu dute lan honekin. Europa osoa txunditu. Formaz. Espirituz. Antzezteko eraz.

Europako ikusleak eta kritikariak armagabetu dituzte Isabellek eta Robertek. Argiaz eginiko espazio bat, patuak laztanduriko testu sotil bat. Musika izugarria. Koreografia ikaragarria. Hortxe ikuskizunaren handitasun jatorrizkoa. Eta gero bera, Isabelle: ahotsa, gorputza, itxura. Egote bera. Zuzendariak dio Hupperten hezurrak argiak ukitu ditzan eginak direla.

Wilsonek dio Isabellek badakiela hotza eta samurra izaten. Aldi berean edo ikuskizunak aurrera egin ahala, aldatu, metamorfizatu egin ahala.

Isabelle eta Maria. Estuardo, tragediaz tindaturikoa izan zen bere bizitza. Urte luzez itxaron behar izan zuen heriotza zigorra bete zezaten. Burua moztu zioten baina kendu ez berezko adorea. Bere hil-orduan agertu zuen sosegua ereduzko jo zuten askok. Merezia zuen erregina malapartatuak Huppertengan izan duen haragitze hau, parekorik ez duena.

Huppert eta Gainsbourgh. Gurera ez dira arrimatu. Biekin egiten dugu amets. Arima galtzeko moduko amets arriskutsua.

Temas

Euskera