Elkarretaratzea Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko

Urteak daramatzate Seaskako ikasleak protesta egiten azterketak hurbiltzen direnean. /IKASTOLA
Urteak daramatzate Seaskako ikasleak protesta egiten azterketak hurbiltzen direnean. / IKASTOLA

2019ko Baxoaren azterketak hastear direla, protesta egingo dute astelehen honetan Seaskak, Etxepare Lizeoak eta Baxoa Euskaraz! elkarteak

Hego Euskal Herriko ikasleek selektibitatea bukatu berritan, Iparraldekoak unibertsitatean ikasi ahal izateko gainditu behar dituzten azterketak hastear dira. Zehazki, astelehen honetan, ekainaren 17an, hasiko dira 2019ko Baxoaren azterketa idatziak, Filologiako frogarekin.

Eta azken urteetan gertatu ohi den bezala, bat egingo dute protestek azterketen hasierarekin. Seaskak ohar baten bidez gogoratu duenez, «beste behin ere, Ipar Euskal Herriko ikasleei azterketak euskaraz pasatzea debekatuko zaie, historia-geografia eta matematiketaz haratago».

Arazoa ez denez urte batetik bestera aldatzen, argudioak ere antzekoak dira urtez urte: «Baxoa euskaraz egiteko aukera izatea, euskarari zor zaion ezagutza ematea litzateke eta eskolatze guzia euskaraz egin duten ikasleen ibilbidearen ezagutza ere. Urteak dira Hezkunde Ministeritzak Euskararen Erakunde Publikoaren bidez azterketak euskaraz egiteko urratsak hitzeman dituela. Baina orain arte ez dute inolako borondaterik ageri egoera aldatzeko».

Hala ere, kasu honetan ez dago lege aldetiko eragozpenik, «Hezkuntza kodeak argiki baimentzen baitu azterketak lurralde hizkuntzetan egiteko aukera», esaten duenean irakaskuntza eta azterketetarako hizkuntza frantsesa izan arren posible dela, besteak beste, «eskualdeetako hizkuntza eta kulturen irakaskuntzaren beharrei» lotutako salbuespenak egitea.

Unibertsitatera bitarteko ikasketa guztiak euskaraz egin dituzten gazteek, bi azterketa horiek kenduta, gainerako guztiak frantsesez egiten dituzte, baita emaitza bikainak lortu ere, frantsesa ez beste hizkuntza bateko murgiltze ereduan eskolaratzeari zenbaitek jartzen dizkioten erreparoak deuseztatuz.

Urtez urte errepikatzen den egoera salatzeko, Seaskak, Etxepare Lizeoak eta Baxoa Euskaraz ! ikasle kolektiboak elkarretaratze batera deitu dute astelehen honetarako, Etxepare lizeoaren aurrealdean, 12:00etan.

Temas

Euskera