Elikagaien %84, zuzenean zakarrontzira

Elikagaien %84, zuzenean zakarrontzira
AP

Elikagai xahuketaren oinarrian kontsumo ohitura desegokiak daude. Gehiegi eta pentsatu gabe kontsumitzen da, eta elikagaien manipulazio zein hornitze sistema berak ere ez dute xahuketaren kontra egiten

DVDonostia

Elikagaien xahuketa, janari falta bezain arazo larria bilakatu da. Goseteek gora egin dute nazioartean, eta hala ere, produzitutako elikagaien herena galdu edo xahutzen da, Elikagai eta Nekazaritzaren Nazio Batuen Erakundearen arabera. Estatuan, hamar etxetatik zortzitan galdu edo xahutzen dira elikagaiak; 1.339 milioi tonelada jaki bota ziren iaz etxeetan, aurreko urtean baino %8,9 gehiago.

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministerioak argitaratutako txostenak nabarmendu du, gainera, galdutako jaki horien %84,2 zuzenean doala hozkailutik zakarrontzira. Gainera, etxe horien %16k aitortu duenez, botatako jakiak ez daude guztiz hondatuta.

Duela hiru urte, 2016an, ekin zioten datuok neurtzeari ministerioan, eta goranzko joerak ez du etenik izan ordutik hona. 2018an, aurreko urtean baino %8,9 gehiago bota ziren, eta 2017an, 2016an baino %2,7 gehiago. Datu gutxi badira ere joera irmoez mintzatzeko, ezin da alde batera begiratu zifra altuak ikusita.

Elikagai xahuketaren oinarrian kontsumo ohitura desegokiak daude. Gehiegi eta pentsatu gabe kontsumitzen da, eta elikagaien manipulazio zein hornitze sistema berak ere ez dute xahuketaren kontra egiten, alde egiteraino.

2011an Europar Batasunak elikagai xahuketa ekidin eta elikadura katearen eraginkortasuna bultzatzeko burututako txosten batek jasotako datuen arabera, «kontzientzia falta eta iraungitze datak» eragin handia dute jakiak botatzea erabakitzerakoan. Horrela, arrazoi ekonomikoak, estetikoak eta iraungitze dataren gertutasunari lotutakoak gailentzen dira.

Aurten, uztailaren 29an amaitu dira Lurraren urterako baliabide naturalak, Global Footprint Network (GFN) erakundeak jakinarazi zuenez. Iaz astebete gehiago iraun zuten; inoiz baino lehenago agortu dira aurtengoan.

Elikagai gutxiago produzitu eta, beraz, gutxiago galdu zein xahutzeak lurraren baliabideen erabilera iraunkorragoa sustatuko luke, eta aldaketa klimatikoari aurre egiten ere lagunduko luke, adituen arabera.

Ministerioaren datuen arabera, galdutako jakien %42 etxeetan botatzen da, %39 produkzioan, %5 distribuzioan eta %14 jatetxe eta tankerakoetan. Hala ere, etxeetako xahuketa baino ez du neurtzen Estatuak. Nazio Batuen Erakundeak garapen iraunkorrerako planean helburu du xahuketa erdira murriztea 2030erako, eta soberakinen ustiapen ekologikoa egitera 2020rako.

Temas

Euskera