Euskadiko eguzki-parke fotovoltaiko handienaren atarian

Euskadiko eguzki-parke fotovoltaiko handienaren atarian
Irekia

EKIAN eraikitzeko lanak hastear

EL DIARIO VASCO

Lursailaren erdia maiatzaren erdirako prest egongo dela uste da, tinkatze-probak egiteko. Proba horien bidez lursailaren erreakzioa ikusiko da, eta, horren arabera, zutabeen zimenduak eta ezaugarriak baliozkotu edo doitu egingo dira. Lursailaren beste erdia ere ekainaren erdialderako egongo da prest proba horiek egiteko, eta panel fotovoltaikoen lehenengo moduluak hilabete horren amaierarako iritsiko dira. Udazkenean proben fasea hasiko dela uste da, sarera konektatu ondoren.

'La lágrima' izeneko finka industrial batean egongo da, ARASUR industrialdean, Arabako Erribera Beitian. Azken belaunaldiko 67.000 eguzki-panel izango dira, guztira: bakoitzak 355 watt sortuko ditu eta, osora, 24 MWeko potentzia instalatua izango du; urtean 40.000 MW orduko inguru sortuko dira, hau da, urtebetean 15.000 familiak izaten duten kontsumo elektrikoaren pareko energia elektrikoa. EKIAN proiektu aitzindaria da, hainbat enpresaren lankidetzaren ondorioz eguzki-parke bat sustatuko den lehenengo aldia izango baita, eta enpresa horiek izango dira instalatutako potentziaren zati baten 'jabeak'.

24 MW inguruko potentzia izango du instalatuta; horrek Euskadiren egungo ahalmena bikoizten du, eta urrats handia da 2030erako ekoizpen elektriko berriztagarrien arloan Eusko Jaurlaritzak duen Energia Estrategiaren helburuak lortzeko. Eguzki-energia fotovoltaikoari dagokionez —gaur egun aprobetxatzen den energia berriztagarri guztiaren % 1,4 da—, ehuneko hori hazi, eta hamarkada batean baino gutxiagoan % 4,4ra iristea da xedea, 293 MWeko potentzia instalatura iristeko.

EKIAN sustatzen duten bi erakunde promotoreek, KREANek eta Energiaren Euskal Erakundeak, elkarte instrumental bat eratu dute —Interes Ekonomikoko Taldea izenekoa teknikoki—eta hogeita hamar urterako eratu da; talde horren xedea da instalazio fotovoltaiko hau abian jartzea eta energiaren sorrera aktibatzea. Informazio gehiago, EKIANen webgunean.