400 ekarpen jaso ditu berdintasunerako lege aurreproiektuaren bigarren zirriborroak

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako sail arteko batzordea bildu da/Irekia
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako sail arteko batzordea bildu da / Irekia

Halaber, Emakundeko Aholku Batzordean dauden emakumeen elkarteei eta emakume biktimen elkarteei laguntza teknikoa eskaini zaie euren ekarpenak egiteko

DVDonostia

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko legearen aurreproiektuaren bigarren zirriborroari egindako ekarpenak aurkeztu dira bileran, eta 400 inguru izan dira, 300 bat gizarte zibilarenak eta erakundeek egindako 100 inguru. Emakume eta Gizonen Berdintasunerako sail arteko batzordea bildu da asteazken honetan, Lehendakaritzako egoitzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zela.

Ekarpenak jasotzeko prozesu parte hartzailean parte hartu dute genero eta berdintasunean adituak diren pertsonek, emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan ardura duten erakundeek, talde feministek, emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzio, antzemate eta arretan lan egiten duten profesionalek eta emakume biktimekin lan egiten duten erakundeek.

Gainera, hiritarrek zuzenean ekarpenak egiteko bideak ireki dira, aldaketa azaltzeko eta ekarpenak jasotzeko saio irekiak egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiri hiriburuetan, sei aurkezpen berezi egin dira gaian inplikatutako batzorde eta taldeekin eta Emakundeko Aholku Batzordean dauden emakumeen elkarteei eta emakume biktimen elkarteei laguntza teknikoa eskaini zaie euren ekarpenak egiteko.

Zirriborroa joan den astean aurkeztu zen indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko bigarren akordioaren jarraipen batzordean, eta, asteazken honetan sail arteko batzordearen aurrean aurkeztu ondoren, derrigorrezkoak diren txostenak jasotzen jarraituko du, besteak beste, funtzio publikokoa, hizkuntza politikakoa eta administrazioaren modernizazioarekin zerikusia duten organoena.

Derrigorrezko txostenen lehen fasea amaitzerakoan, hirugarren zirriborro bat egingo da, eta Kontrol Ekonomikoaren Bulegoaren eta Euskadiko Batzorde Juridikoaren txostenak jaso beharko ditu. Hortik ateratzen den zirriborroa Emakundeko zuzendaritza batzordean onartuko da, ondoren Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onar dezan, azkenik Eusko Legebiltzarrera lege proiektu bezala bidali ahal izateko.

Testuinguru berrira egokitzeko

Legearen aldaketaren bidez, «berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako politika eta herri itun handi bat» ahalbidetu nahi dira, politika horiek indartzeko eta araudiaren eta gizartearen testuinguru berriaren ondoriozko behar berriei egokitzeko. Araudiaren testuinguru berriari dagokionez, legearen aldaketarekin euskal ordenamendu juridikoak bat egiten du Istanbuleko Hitzarmenarekin; 2011an adostu zuen Europako Kontseiluak hitzarmen hori, eta Espainiako Estatuan 2014an jarri zen indarrean.

Bestalde, asteazken honetako bileran onartu da sail arteko talde berezi bat sortzea emakumeen kontrako indarkeriari erantzuna emateko ardura duten Jaurlaritzako sailen artean koordinazioa indartzeko.

Horrekin batera, Jaurlaritzako sail bakoitzak eta Emakundek legealdirako berdintasun arloan dituen lehentasunen egoeraren berri eman dute. Lehentasun hauek Berdintasunerako VII. Planak zehazten dituen esku hartze eremuekin lerrokatuta daude, hau da, gobernu onarekin, emakumeen ahalduntzearekin, ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzearekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzarekin.

Temas

Euskera