EITBko lanpostu guztietan bezala zuzendaritza kideek euskaraz jakin behar dutela aldarrikatu dute
Aldatu Gidoia mugimenduak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako protestarekin bat egin zuten atzo hainbat norbanako eta eragilek
Iker Mendia
Miércoles, 26 de febrero 2025, 12:16
Aldatu Gidoia mugimenduak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek komunikazio taldeko gainerako lanpostu guztietan bezala zuzendaritza kideek euskaraz jakin behar dutela aldarrikatu zuten atzo Bilboko egoitzaren aurrean egindako agerraldian. Hainbat norbanako eta taldek egin zuten bat deialdiarekin eta, amaieran, guztiek sinatutako manifestua entregatu dute.
Testuak zehazten duenez azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan euskarazko C1 maila izatea baldintza gisa ipini badu ere EITBko Zuzendaritzak, 2024an «orain arteko bidean atzera egin eta hiru ardura postu esleitu zaizkie euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala».
Egoera horren aurrean, gainera, baldintza bakarra da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea» dela xehatu dute, zehaztapen gehiago egin barik eta C1a eskatu gabe. Besteak beste, hala egin da Primeran plataformako eduki arduradun deialdian.
Erabaki horiekin, salatzen du manifestuak, 2013tik EITBn indarrean dagoen euskara plana «zapuztu» egin da. «Eta halaber planaren helburuei ere erasotzen die, alegia, euskararen erabilera sustatzea eta gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean».
Komunikabide publikoa den aldetik EITBk sorreratik dauka gizartearen aurrean euskara sustatzeko betekizuna eta erantzukizuna aldarrikatzen dute eragileek eta EITBko zuzendaritzari «euskararen eskakizuna kolokan utzi den postu guztietako prozesuak» zuzen ditzala eskatu diote.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.