EHUren Zientzia Kaierek ingenieritzako emakumeetan jarriko dute arreta aurten

Elisa Leonida errumaniarra izan zen ingenieritza ikasketak burututako lehenengo emakumeetako bat/
Elisa Leonida errumaniarra izan zen ingenieritza ikasketak burututako lehenengo emakumeetako bat

Emakumeek zientzia eta teknologia eremuetan egiten duten lana ezagutzera emango du aurten dokumentuak, 'Emakumeak zientzian' izeneko atalean

Euskadin, Zientzia Sozialak eta Juridikoak da gehien hautatutako ikasketa adarra, eta sexuen araberako banaketa nahiko orekatua da. Haatik, Emakunderen urteroko sexu-araberako zifren txosteneko 2017ko datuek adierazten dute Ingeniaritza elektronikoa, industriala eta automatikoa; Itsas Ikasketak; Industria Elektronika; eta Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritzan, adibidez, matrikulazioan gizonen garrantzi erlatiboa %85etik gorakoa dela.

Gizonek Ingeniaritza eta arkitektura hautatzen dute bigarren aukera ohikoena modura, eta bertan ikasleen artean soilik %28,3 dira emakumeak. Ingenieritza ikasketen maskulinizazio hori ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) erabaki du, aurtengo Zientzia Kaieran 'Emakumeak Zientzian' atalean, emakumeek zientzia eta teknologia eremuetan egiten duten lana ezagutzera ematea. Horrela, «emakumezko gazte ikasleen, beren familien eta, oro har, publikoaren esku» jarri nahi dituzte erreferentziazkoak izan daitezkeen ereduak.

Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren harira, 2017an, etorkizuneko emakume zientzialarietan zentratu ziren; 2018an, merezi duten aintzatespena izan ez duten emakumeak ekarri zituzten gogora. Aurten, ingeniaritzako karreretara jotzeko orduan mutil eta nesken artean dagoen alde handian zentratu nahi izan dute, bai eta arrail horretan estereotipoek duten eraginean ere.

Erreferentziazko ereduak

UNESCOk, 2017an, 'Cracking the Code: Girls' and women's education in science, technology, engineering and mathematics (STEM)' txostena aurkeztu zuen; bertan, emakumeek zientzia eta teknologia diziplinetan parte hartzea eta lorpenak eta bilakaera izatea eragozten edo errazten duten faktoreak aztertzen dira, bai eta neskek ikasketa horietan duten interesa susta dezaketen neurriak ere.

Txostenaren arabera, neska askok ikasketa horiek ez egiteko hartzen duten erabakia «beren gizarteko egoeren ondorioz egiten da. Karrera hautatzeko orduan, neskatoei kontzienteki edo inkontzienteki transmititutako estereotipoek izan dezakete eragina, nagusiki familia ingurunean transmititutakoek, baina baita gizarte testuinguru zabalagoetakoek ere«.

Eskola eremuko ezaugarriak ere, antza denez, garrantzitsuak dira; izan ere, neskek zientzia eta teknologia eremuko gero eta karrera gehiago hautatzen dituzte, irakasgai horietako irakasleen artean gero eta emakume gehiago dagoelako. «Izan ere, emakumezko irakasleak erreferentziazko ereduak dira, eta neskek ikasketa horiek hautatzea sustatzen dute«.

Temas

Euskera