Zortzi proposamen, 20 milioi euroko inbertsioaren beharra barne

  • 1

Matrikulazio garaitik kanpo eskolatzearen aurrean: Orain arteko politika ez da zuzena izan, Administrazioak ikasle hauek matrikulazio zailtasunak zituzten ikastetxeetara bideratu ditu, eta ez du kontutan hartu sare eta eskolen arteko oreka. Beraz, eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea eta gaur egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea proposatzen dugu.

  • 2

Urbanismoa: Atal honetan hezkuntza eragileok gutxi egin dezakegu, arlo politiko orokorrean hartu behar dira erabakiak hiriguneetan gettho-ak ez sortzeko. Hala ere, hori ezin bada ekidin, bi neurri hartu beharko lituzke Hezkuntza Sailak:

2.1. Eremu horietan dauden ikastetxeen arteko oreka.

2.2. Baliabide berezien politika, integratzeko politikak ezartzeko behar diren baliabideak eskaini ikastetxe horietan. Administrazioak, arreta eman behar die profil sozioekonomiko baxuena duten eta bazterkeria arriskuan dauden ikasleak dituzten ikastetxeei. Ikastetxe hauek beharrezko baliabideak jasoko dituzte.

  • 3

Ikastetxea hautatzea. Eskolatzerako orduan herritar guztien aukera berdintasuna (baldintza berdinak bermatuz) eta hezkuntza eskaintzaren barruan ikastetxea hautatzeko eskubideak bermatu behar dira. Horrela Ikastetxeek argibideak emateko eskubidea izango dute eta «Lurralde eskolatze guneak» sortzea egoki ikusten dugu, baina batez ere herri anglosaxoietan erabiltzen den metodologiari deritzogu egoki: gune independenteak eta eskolen funtzionamenduari buruzko adierazle objektiboak argitaratuz, ikuskaritzaren txostenak edo kanpo ebaluazioen emaitzak kasurako.

  • 4

Kultura eta hizkuntza hegemonikoen eragina: Honen aurrean proposamen argi bat daukagu: ezinbestekoa da hizkuntz ereduak desagertzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea, gure ikasleek gutxienez Hezkuntza Sailak bere proposamenean jaso dituen euskarazko gaitasun mailak lortzeko. Ezin dugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleek gizarteratzeko eginbidean, hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela; beraz segregazioei aurre egiteko hizkuntza ereduak gainditu behar dira.

  • 5

Ikastolen Harrera planak. Behin ikasleria hau ikastoletara etortzea lortuta, lortu behar dugu bertan geratzea. Ikastola bakoitzak bere harrera plana du. Aniztasunaren integrazioa ikastolaren jardueraren ildoa da, beharrizan bereziko ikasleek ikastola guztietan tokia dute. Horretarako konfiantza eman behar diegu gure ikastoletara iristen diren atzerriko jatorria duten ikasleei.

  • 6

Ekonomikoak: itunpeko ikastetxeetan kuotak kobratzen ditugu. Eskola Kontseiluaren azken txostenak azaltzen duen bezala, Administrazioak ikastetxe hauen gastuen %66 finantzatzen du, eta gainerako guztia gurasoek ordaintzen dute (txosten horren arabera hezkuntza gastuen %21a familiek ordaintzen dute). Horren aurrean ezin dugu asko esan, baina Administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantenduko dugu. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko da gure ikastoletan. Hori bai, hainbat berritasunekin, eta horrela oso ezaguna izan beharko da ikastolaren ingurune geografikoan, jendeak (behar dutenek) sistema horretara jotzeko posible den naturaltasun eta diskrezio handienarekin. Ez dadila izan eta ezta iruditu ere karitatean oinarritutako sistema bat dela; objektibatua egon behar da, ikastolako urteroko aurrekontuetan aurrez ikusita egon behar da, aukera ezberdinak eskaini behar dizkie ordaindu ezin duten familiei, hainbatek zerbaitetan «laguntzea» nahiago izaten baitu ordainketatik salbuetsita egotea baino

  • 7

Udaletxeen parte hartzea. Segregazioaren arazoa ez da bakarrik hezkuntzarena, eta horregatik ikastoletako harrera planak aipatzen ditugun bezala, era berean herri eta auzoetan administrazioek bultzatutako harrera plan integralak egon behar direla pentsatzen dugu. Horrela egokia izango litzateke eskolan, eskolaz kanpoko jardueretan eta aisialdian parte hartzen duten eragileek elkarlanean aritzea atzerritar jatorria duen ikasleriarekin.

  • 8

Orain dela 11 urte ikastolok atzerritar jatorria duten ikasleen integrazioa bideratzeko ikerketa bat egin genuen, eta proposamena egin genion Hezkuntza Sailari. Egin beharreko urrats guztiak azaltzen genituen, baita horretarako beharko litzatekeen diru kopurua kalkulatu ere itunpeko sarearentzat. Ordutik ez dugu inolako erantzunik izan, eta Administrazioak ezartzen dituen baliabideak gero eta urriagoak dira. Gure ustez, atzerritar jatorria duten ikasleen integraziorako urteko 20 milioitik gora inbertitu beharko lituzke Eusko Jaurlaritzak itunpeko sarean. (2018ko aurrekontuetan 1.680.000 euro izan ziren).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos