UPV/EHUko graduatuen ia %90ek lana dute ikasketak amaitu eta hiru urtera
Batez besteko soldata 1.600 euro garbikoa da eta Lanbideko txostenaren arabera ez dago aldaketa nabarmenik sexuaren arabera
DV
Asteazkena, 8 otsaila 2023, 12:25
Euskal Herriko Unibertsitateko 2018ko promozioko tituludunen % 87 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera, Lanbidek aurkeztu duen 'Laneratzeari buruzko azterlana' txostenaren arabera. Ildo horretan, testuak zehazten duenez aldagai nagusienetako ehunekoak ez dira aldatzen sexuaren arabera: okupazio tasa % 87 da, % 92 lanean ari da edo bila dabil; % 80ak lan ordaindua du eta langabezia tasa % 13koa da.
Are gehiago, hogei bat titulazioren kasuan okupazio tasa % 100ekoa da edo horretatik oso gertu dago. Besteak beste Medikuntza, Odontologia, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza, Farmazia, Erizaintza, Biokimika eta Biologia Molekularra, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Ingeles Filologia, Elikagaien Teknologia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika dira hauek.
Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.600 euro garbi da, 14 ordainsaritan. Jakintza arloen arabera, soldatak hauek dira, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.891 euro), Zientzia Teknikoak (1.631), Gizarte Zientziak (1.518), Ekonomia eta Lege Zientziak (1.460 euro), Giza Zientziak (1.443 euro) eta Zientzia Esperimentalak (1.413 euro). Emakumeen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da (gizonek baino ia 5 puntu gehiago). Lanpostuen balorazioari dagokionez, hauek dira ondoen baloratutako alderdiak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia daukatenak (7,9), soldaten zenbatekoa (6,9), eta lanean egonkortasuna izatea (6,8).
Euskal Enplegu Zerbitzuak UPV/EHUko graduatuen artean inkesta bat egin du eta orotara 4.464 erantzun pilatu ditu.
Eva Ferreira unibertsitateko errektorea oso pozik azaldu da emaitzekin. «Zalantzarik gabe, arlo jakin batzuetan hobetu egin behar dugu, lan baldintza guztiak eta enpleguaren kalitatea hobetu behar ditugun bezala, baina beharrezko hobekuntza horiek lortzea guztion lana da, gizarte osoari dagokion zeregina», azaldu du. Bere ustetan datuek «unibertsitateko ikasketek gaitasuna» ematen dutela adierazten dute, are gehiago «egungoa bezalako egoera sozioekonomiko zailetan».