Sei txio baino ez ikerlan oso bat laburbiltzeko

Sei txio baino ez ikerlan oso bat laburbiltzeko

UEUk euskal ikertzaile gazteei zuzenduta antolaturiko Txiotesia Twitterreko lehiaketaren laugarren edizioa (#txiotesia4) egingo da astearte honetan, azaroaren 20an, goizeko 09:00etatik iluntzeko 21:00ak arte.

UEUko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, «Euskal ikertzaileei izen-abizenak jartzea eta egiten dituzten lanak gizarteratzea da lehiaketaren helburu nagusia». Orain arte antolatu diren hiru edizioetan 160tik gora ikertzaile animatu dira erronkara.

'Txiokatu zure tesia 6 mezutan' izenburupean, lehiaketaren parte hartzaileek sei txiotan eta euskaraz laburtu beharko dute tesia. Lehiaketak bi sari banatuko ditu: Txiolari ulergarrienak 500 euro jasoko ditu, eta Txiolari originalenak 300 euro.

Epaimahaiak txioen balorazioa egingo du, eta ondoko hauek osatuko dute: Iñaki Alegria Informatikako doktore eta UEUko zuzendari ohiak, Pili Kaltzada komunikazioan aditu eta UEUkideak, Josu Lopez-Gazpio Kimikako doktore eta zientzia dibulgatzaileak, Uxune Martinez Soziologia eta Politika Zientzietako lizentziatuak eta Asier Sarasua biologo, filologo, ikertzaile eta UEUkideak.

2016. urtean egin zen hirugarren edizioan, Iraia Muñoa bioteknologo eibartarra izan zen txiolaririk originalena. «Ikerketa lanen oinarri sinpleenak azaltzen ahalegindu daitezela, hitz tekniko eta potoloak alde batera utziz» da parte-hartzaileei ematen dien aholkua.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos