«Murgiltze ereduaren aldeko apustu argia» eskatu diote berriz ikastolek Jaurlaritzari

Elorrion egin zuten ikastolek ikasturte hasierako ekitaldia iazko irailean. Ordukoa da besteak beste Cristina Uriarte sailburua, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Mertxe Mujika AEKko koordinatzailea eta Andres Urrutia euskaltzainburua biltzen dituen argazkia./I.E.
Elorrion egin zuten ikastolek ikasturte hasierako ekitaldia iazko irailean. Ordukoa da besteak beste Cristina Uriarte sailburua, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Mertxe Mujika AEKko koordinatzailea eta Andres Urrutia euskaltzainburua biltzen dituen argazkia. / I.E.

Amaitu berri den ikasturtearen balorazioan, nabarmendu dute ikasleek duten euskara mailarekin ezinezkoa dela Hezkuntza Akordiorako proposamenak jasotzen dituen helburuak betetzea

N. AZURMENDI

2017-2018 ikasturtearen hasierako ekitaldian, bi erronka jarri zizkion bere buruari Ikastolen Elkarteak: «Hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea». Ikasturtea amaitu berritan, formalki Elorrion egindako ekitaldian abiatu zen kurtsoaren balantzea egin du, gai nagusiak aintzat hartuz: Hezkuntza Akordiorako proposamena, Hezkuntza Legea, ikasleen euskara mailak sorrarazi dituen kezkak, atzerritar jatoria duten ikasleen eskolatzea, Lanbide Heziketaren eta Eskola Kontseiluaren legeak, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolen egoera...

Ikastolen Elkarteak astearte honetan zabaldu duen balantzeak erakutsi du atalen batzuetan egin dela aurrera, baina beste batzuetan asko dagoela oraindik zehazteko eta egiteko. Nahiz eta ez den ausartu ikasturteari nota bat jartzen, bi «alde kontrajarri» nabarmendu ditu: «etorkizunari begira jarri diren ekimenak» batetik eta, bestetik «egungo hezkuntza sistemak dituen gabeziak».

Osagarria

Ikasturteak eman duenaren balorazioan ikastolek berretsi egin dute «Hezkuntza Sailak proposatu eta hezkuntza eragileok eta Eskola Kontseiluak landutako Hezkuntza Akordioari» emandako sostengua. Akordioa Legebiltzarrera igorri berri duen Hezkuntza Sailaren patxada kritikatu du Ikastolen Elkarteak, eta onartu ditu proposamenaren gabeziak (besteak beste, eragile guztien onestepena jaso ez izana), baina ikastolek nahiago dute alde onekin gelditu. Hala, «abiapuntu gisa» ikusten dute proposamena, «hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean mugarri izan daitekeen Hezkuntza Lege berri baterako bidean urrats bat gisa». Oso ongi baloratu dute, halaber, Hik Hasi Euskal Hezkuntzaren egitasmoak landutako proposamena. «Etorkizuneko Hezkuntza Lege berri bati begira oso ekarpen aberats eta argigarria iruditzen zaigu» diote.

Etorkizuneko lege horri begiratzen diote hain zuzen une honetan hezkuntzak nozitzen dituen arazo eta gabezia larrienak konponbidean jartzeko orduan. Eta gabezia horietako bat da ikasleen euskara maila, ISEIk egindako Ebaluazio diagnostikoaren emaitzen arabera pozik egoteko modukoa ez dena.

Helburuak bai, zehaztasunik ez

Hezkuntza Akordiorako proposamenak helburu argiak jartzen ditu alor horretan: Lehen Hezkuntza amaitzerakoan, euskaran B1 maila lortu behar dute ikasleek, eta B2 maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan. Ikastolen ustez, «helburu horiek oso urrun geratzen dira, ez dira lorgarri, A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzako, eta baita D ereduan ikasten ari diren askorentzako ere».

Haien ustez, «beharrezkoa dela neurriak hartzea egoera iraultzeko, gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak ez duelako, inondik ere, haien euskara mailaren gutxieneko garapena (B1, LHn eta B2, DBHn) ziurtatzen». Akordiorako proposamenak, baina, ez du zehazten «hizkuntza ereduei eutsiko dien edo benetako murgiltze eredu baten aldeko apustua egingo duen». Ikastolen ustez, ereduak bertan behera utzi eta «benetako murgiltze eredu bat» ezartzea izango da irtenbide eraginkor barra. Horrenbestez, diote, «ezin dugu irudikatu aldaketa hau jasotzen ez duen hezkuntza akordio edo legerik».

Ikastolek, gai honetan, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote, ikasturtean zehar hainbat agerralditan egin duten legez, joka dezala «determinazioz eta ausardiaz eta Hezkuntza akordioan jaso dezan murgiltze eredua dela eraginkorrena oinarrizko printzipio bezala biltzen diren helburuak lortzeko, hizkuntza ereduak desagerraraziz».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos