Miren Azkarate, EHUko Euskara Institutuko zuzendari berria

Azkarate artxiboko irudian/Michelena
Azkarate artxiboko irudian / Michelena

Erretiroa hartu berri duen Pello Salaburu ordezkatuko du irakasle donostiarrak

DVDonostia

Miren Azkarate Euskal Filologiako katedraduna izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara Institutuko zuzendari berria. Oraintsu erretiroa hartu duen Pello Salaburu ordezkatuko du irakasle donostiarrak. Salaburu 2003tik zen institutuko zuzendari. Bilboko Bizkaia Aretoan du egoitza Euskara Institutuak.

EHUk jakinarazi duenez, Euskara Institutuak euskal hizkuntza aztertzea du xede, besteak beste, gramatika, lexikoa, gizartearen esparruan egiten den erabilera eta terminologia zientifikoa. Euskara Institutuak sarean eskaintzen ditu XXI. mendeko euskarari dagozkion datu base moderno eta handienak (gramatikak, corpusak, hiztegiak eta abar).

Bere argitalpenen artean aipa daitezke 'Sareko Euskal Gramatika', lehenengo gramatika modernoa eta entziklopedia ere badena, sarean kontsulta daitekeena eta etengabe gaurkotzen dena; corpusak, hau da, euskararen erabileraren egiazko adibideak, gaur egun argitaratutako liburu eta prentsatik bildutakoak; eta 'Egungo Euskararen Hiztegia'.

Azkaratek adierazi du «poza, ohorea eta erronka» sentitu dituela izendapena jaso ostean. «Poza eta ohorea, nola ez, Pello Salaburu ordezkatzeko nigan pentsatu izanagatik. Baina baita erronka ere, eta ez nolanahikoa», esan du.

Zuzendari berriaren hitzetan, «15 urte luzeko ibilbidean baliabide aberats eta askotarikoak garatu ditu Euskara Institutuak. Horietako batzuk osatu beharko dira; beste batzuk amaitutzat eman daitezke».

Halaber, esan du nahitaezkoa dela gogoeta egitea institutuko kideekin eta zuzendaritzako kideekin batera, «ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak hain azkar aldatzen ari diren garaiotan, zein proiektu motari heldu behar diogun hurrengo urteetan». «Gogotsu ekingo diogu guztiok gogoetari, etorkizunean ere gaur duen bikaintasunari euts diezaion Euskara Institutuak», ziurtatu du.

Miren Azkarate Villar (Donostia, 1955) EHUko Euskal Filologiako irakasle da. Unibertsitatearen administrazioan hainbat kargu bete ditu: dekanorde (1992-1995), Euskara batzordekide (1993-1997), Euskaltzaindiarekiko batzordekide (1989-2000), Euskara errektoreorde (1996-1997), uda ikastaroetako kontseilukide (1996-1997) eta Irakasleen errektoreorde (1997-1999). Bestalde, Eusko Jaurlaritzan ere karguak izan ditu: Kultura sailburu (2001-2009) eta bozeramailea (2004-2009) izan da. 2011tik 2018ra Donostiako Udaleko zinegotzi izan da.

Temas

Euskera