Lekeitioko Ibilaldia prestatzeko egindako inbertsioa estaltzeko laguntza ekonomikoa eskatu dute antolatzaileek

Ibilaldia aurkeztu zuteneko irudia/Ibilaldia
Ibilaldia aurkeztu zuteneko irudia / Ibilaldia

Eguraldiak Ibilaldi eguna zapuztu zuen igandean, eta sekula Ibilaldi egun batean jasotako minimo historikoa biltzea baino ez zuen lortu Lekeitioko ikastolak

DVDonostia

Ibilaldi eguna prestatzeko egindako inbertsioa estaltzeko laguntza ekonomikoa behar dutela jakinarazi dute astelehen honetan Lekeitioko Azkue ikastolako arduradunek. Izan ere, eguraldiak Ibilaldi eguna zapuztu zuen igandean, eta sekula Ibilaldi egun batean jasotako minimo historikoa biltzea baino ez zuen lortu Lekeitioko ikastolak. Egoera ikusita, antolatzaileek eguneko gastuei aurre egin eta zorra estaltzeko elkartasuna eskatu dute.

Horrela, bere ekarpena egin nahi duenarentzako hurrengo kontu korronteak jarri ditu eskuragarri Azkue ikastolak: Laboral Kutxa ES83 3035 0042 92 0420028507 eta Kutxabank ES86 2095 0114 60 9117934827.

«Balantze zehatzik ez da egin oraindik eta ikastolak ezin du datu zehatzik eman, baina Ibilaldi egunerako inbertsioa estaltzea dauka helburu, jaiaren ondorenak zorrik behintzat laga ez dezan«, adierazi dute prentsa ohar batean.

Hala ere, denak ez direla albiste txarrak nabarmendu dute, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iristen ari den elkartasuna handia izaten ari baita. «Atzo kontu korronteak zabaldu genituen momentutik ekarpenak iristen ari dira. Ezin genezake hitzekin eskertu Euskal Herritik jasotzen ari garen elkartasuna, baina oraindik ere gehiago behar dugu«, azaldu du Ibon Goitia ikastolako zuzendariak.

Halaber, egunean bertan ere, musika talde askok egoera ikusita kontzertuak debalde eskaini zituzten, eta antolatzaileek hori ere eskertu dute.

Bukatzeko, Azkue ikastolak eskerrak eman dizkie egunez egun lanean aritu diren herritar guztiei, horrelako jai bat antolatzeak esfortzu handia dakarrelako eta auzolanik barik ezinezkoa litzatekelako«. Ikastolaren proiektuari sostengua ematera era batera edo bestera gerturatutakoak ere eskertu nahi izan dituzte antolatzaileek.

Temas

Euskera