«Jaurlaritzak matrikulazio arazoak dituzten ikastetxeetara igortzen ditu atzerritar jatorriko ikasleak»

Eskola Kontseiluaren lege berriak ikastolak erakunde horretatik kanpo utzi izana deitoratu dute

Atal nagusian aipatutako gaiez gain, beste zenbaiti buruzko iritzia eman du Ikastolen Elkarteak 2017-2018 ikastureari dagokion balantzea egitean.

Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea. Ikastolen Elkartearen ustez, horiek eta «maila sozioekonomiko baxuko» ikasleak «matrikulazio arazoak dituzten ikastetxeetara igortzen ditu» Eusko Jaurlaritzak. Gogoratu dute «atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzean ikastetxeen artean dagoen desoreka handiaren eta horrek segregaziorako duen arriskuaren gaineko eztabaida» ikasturte honetako hizpide nagusietakoa izan dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Izan ere, «eskola inklusiboaren aldeko herri ekimen legegile batek bidea egin du, eta dagoeneko Eusko Legebiltzarrean da». Ikastolek plataforma horrek «eskola segregazioaren inguruan agertu duen kezka» partekatzen dute, baina «ez arrazoiak». «¡Izan ere -diote ikastolek- egungo desorekaren arrazoi nagusia da Eusko Jaurlaritzak ikasle horien eskolatzea erabili duela ixteko arriskuan diren gelak betetzeko». Hain zuzen ere, atzerriko jatorria duen ikasleria «bereziki matrikulazio garaitik kanpo» eskolatzen denez, Jaurlaritzak erabakitzen du non matrikulatuko diren, Eskolaratze Batzordeen bidez. Eta «ia beti, dagokion herrian arriskuan dagoen ikastetxera bideratzen du ikaslea».

«Atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat da, eta herri bezala, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu»

Ikastolen «izaera inklusiboa» aldarrikatuz, haiek biltzen dituen Elkarteak dio Eskolatze Batzordeek ezin dutela jarraitu «teknikarien esku soilik», gaineratuz hezkuntza eragileek ere egon behar dutela, «guztiok egonda, argi jakingo dugulako zein den bakoitzaren jarrera gai honetan». Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «urrats hori egin dezan, eta, bide batez, publiko egin ditzan matrikulazio epez kanpo eskolatu dituen atzerritar jatorriko ikasleen gaineko datuak (kopuruak, adina, zein sareetara bideratu dituen … )». «Atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat da, eta herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu segregazioaren arriskuari aurre egiteko, hau da, hezkuntza eragile guztiok konpromisoa izan behar dugu», azaldu dute, Hezkuntza Legeak arazo hori ere kontuan izan behar duela azpimarratuz.

Eskola Kontseilutik kanpo. Bere garaian, ikastolak beraiek irten ziren Hezkuntza kontuetan gizarte eragileei ahotsa ematen dien eta aholku-emailea den Euskadiko Eskola Kontseilutik. Urteak daramatzate esaten berriko Kontseiluko kide izan nahi dutela, baina ez dute itzulerarako biderik aurkitu. «Duela egun gutxi onartu zen Eskola Kontseiluaren Lege berria, eta, berriro ere, ez gaituzte kidetzat onartu, nahiz eta oposizioko bi alderdik (EH Bilduk eta Podemos taldeak) ikastolok Kontseiluko kide izatea proposatu duten», gogoratu dute. Horrez gain, orain arte toki bat zuten Eskola Kontseiluaren lurralde batzordeetatik ere at geldituko dira lege berriarekin.

Lanbide Heziketa eta euskara. Lanbide Heziketaren Lege berria onartu dute duela egun gutxi Eusko Legebiltzarrean. «Lege horren edukiak arretaz aztertzen ari gara, baina aurreratu dezakeguna da, euskarari dagokionean, orain artekoaren berdina dela, eta lan mundua euskalduntzeko urrats bat atzera egitea dela, lehendik ere oso atzean egonik», diote ikastolek. «Hizkuntza ereduei eusten die egungo legeak, oso larria dena gure iritziz, hizkuntza ereduek ekarri baitute egungo egoera: A ereduan daude ikasleen hiru laurden, eta D ereduan laurden bakarra. Hori iraultzeko neurririk ez da ageri legean. Ondorioak begi bistakoak dira eta izango dira», azaldu dute ikastolek.

Ipar Euskal Herriko ikastolak. Ikastolen Elkarteak ez du ahastu Seaskan bilduriko Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera. Eta argi mintzatu da: «Frantziako Gobernuak, Hezkuntza Ministerioaren eskutik, politika kolonialista eta suntsitzaile bortitz bati ekin dio hizkuntza gutxituen aurka, eta ikastolak politika horren eragina zuzenean jasaten ari dira. Matrikulazio igoeraren ondorioz Seaskako ikastolek behar dituzten 25 irakasle gehiago emateari uko egin dio, soilik 5,5 eskaini ditu Frantziako Gobernuak. Baina hori aski ez, eta kolegioko etapa amaitzerakoan egin beharra daukaten amaierako proban, brebetan, euskaraz egiteko aukera kentzeaz gain, euskaraz egin dituzten zientzietako probak ez zuzentzeko erabakia hartu du».

Nafarroako kontuak, lupapean. Nafarroako Kontuen Ganberak ikastolek jasotzen duten diru publikoaren gaineko bi azterketa egin ditu aurten, UPNk eta PSNk, alde batetik, eta Podemos taldeak, bestetik, egindako eskaeren ondotik. Gaia ere aipatu du Ikastolen Elkarteak: «Lupapean eduki dizkigute Nafarroako ia ikastola guztien diru kontuak. Ikastolok, dena den, ez dugu ezer ezkutatzeko, eta Nafarroako Kontuen Ganberak halaxe baieztatu du egin dituen bi informeetan: ikastolok kontuak aratzak ditugu, eta ez dugu ezer ezkutatzeko».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos