«Irtenbide integralak adostu behar dira segregazioari aurre egiteko»

Bilbon egin duten agerraldiaren ondoko argazkia./I.E.
Bilbon egin duten agerraldiaren ondoko argazkia. / I.E.

Atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeari buruzko gogoeta partekatu dute ikastolek, eta hainbat proposamen egin dituzte

Atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen eta egiteko horretan sare desderdinek duten arduraren inguruko eztabaida puri-purian dagoen honetan Ikastolek, Bilbon egindako agerraldian, gaiaren inguruan egin duten gogoeta partekatzeaz gain proposamen zehatzak ere egin dituzte. Eta ondorioztatu dute, besteak beste, «gai honek, beroni lotutako zeharkako beste gai batzuek, eta aipatu ez ditugun beste batzuek agerian uzten dute hezkuntza sistema osotasunean arautuko duen lege bat egiteko premia«.

Oro har, «atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea herri apustu bat» delakoan, uste dute «herri bezala, gaur egungo egoera ondo aztertu eta gero, hezkuntza eragile guztiok irtenbide integralak adostu behar ditugu segregazioaren arazoari aurre egiteko». «Segregazioa arazoa delako guretzat ere, eta geuk ere bukatu nahi dugu bazterketa hori», adierazi dute.

Gogoratu dute, halaber, orain dela 40 urte ikastolek «integrazio bidean apustu» egin zutela «euskalduntze prozesuan 2 urteko gelak irekita, nahiz eta horrek kostu handiak ekarri zizkigun bere finantzazioan». Gaur egun ere badituzte «politika bereziak aurreikusita etorkin jatorria duten ikasleak eskolatzeko bidean».

«Aukera inklusiboez» aritzean egoera desberdinak hartu behar direla aintzat nabarmenduz, eta ez bakarrik jatorria, onartzen dute «Eskola Kontseiluaren azken txostenaren arabera, eskola publiko zein kontzertatu batzuetan eskolatzen» direla jatorri atzerritarreko ikasle gehienak, eta horrek ez duela laguntzen «eskolatze hori modu inklusibo eta orekatuan eta aniztasuna» ziurtatzen. Ikastolen arteko egoera ere ez da homogeneoa: «Zenbait ikastolatan atzerriko jatorria duten ikasleen ehuneko azpimarratzekoa ematen da, beste batzuetan, aldiz, oso txikia da presentzia hori». Gainera, «azken ikerketaren arabera, kuotak ezin dira erabili arrazoi gisa esplikatzeko zergatik dagoen ikastola batzuetan besteetan baino atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia handiagoa».

Ikastolen ekarpena

Badira beste zenbait arrazoi. Esaterako, «hizkuntza ereduek nabarmen eragiten dute desoreka honetan, kanpotik datozen ikasleen familia askok hizkuntza eta kultura hegemonikoen eredura jotzen baitute». Horrela, «euskara da zenbait herritan, gurean ez matrikulatzeko arrazoi nagusienetako bat». Alde horretatik, txostenean proposatzen duten murgiltze ereduaren ezarpenak, hizkuntza ereduak gaindituko dituena, arazo hori arinduko du eta, aldi berean, «aukera paregabea ireki lezake gure hizkuntzaren normalizazioan beste urrats bat egiteko».

Bistakoa den eta ukatzen ez duten desoreka horren atzean, ikastolen ustez, hainbat arrazoi daude: atzerriko jatorria duten ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzea eta, horrenbestez, horien matrikulazioa Administrazioak bideratzea; hiri eta herrietako auzoetan atzerriko jatorria eta baliabide urriak dituzten herritarren banaketa desorekatua; ikastetxeen hezkuntza-proiektuan hizkuntza ereduak eta erlijioak duten pisua; kultura eta hizkuntza hegemonikoaren eragina; kuotei lotutako arrazoi ekonomikoak; baliabide desberdintasuna itunpeko sarean edo administrazio sarean eskolatzen diren etorkinen ikasleen egokitzapena bideratzeko...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos