Mugaz gaindiko lankidetza, irakasle elebidunak prestatzeko

Hitzarmenera bildu diren unibertsitate eta erakundeetako ordezkariak, Donostian./
Hitzarmenera bildu diren unibertsitate eta erakundeetako ordezkariak, Donostian.

Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako lau campusek Eskola Futura proiektuaren esparruan lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Euskal Herriko unibertsitateak, Bordeleko unibertsitateak, Bordeaux Montaigne unibertsitateak, Nafarroako unibertsitate publikoak eta Akitaniako ESPEk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektua garatzeko. Hitzarmenean beste hainbat erakundek ere hartu dute parte, hala nola Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Ekimena hau martxoan Baionan aurkeztu zuten Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektuaren esparruan sinatu da, Pirinioetako muga osoko beste unibertsitate batzuetara ere zabaldu dena.

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak abian jarritako proiektua da, irakasle elebidunak izan nahi duten mugako bi aldeetako irakasle-ikasketak egiten dituzten ikasleei laguntzeko sortua. Frantseseko, euskarako eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskaintzen ditu, urtebetekoak edo bi urtekoak, eta izena emateko, prestakuntza hartzeko eta joan-etorrietarako gastuak hartzen ditu barnean.

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektuaren esparruan, parte hartzen duten lau unibertsitateek lankidetza-hitzarmen berezia sinatzea erabaki dute, programaren barneko jarduerak ondo koordinatuta jarduteko. Horretarako, administrazio- eta finantza-arloan koordinatuta eta erabakiak batera hartzeko gidaritza-batzorde batek zuzenduta jardungo dute.

«Aukera paregabea»

Egitasmoa «aukera paregabea da unibertsitateetako campusen arteko lankidetza sendotu eta areagotzeko. Gainera, ekimenak beste bultzada bat emango dio lurraldeen arteko mugaz haraindiko lankidetzari, estrategikotzat hartutako gaietan, hala nola enpleguan, garraio publikoan eta hezkuntzan, arian-arian gero eta osatuago dagoenari».

Akordioa sinatzeko ekitaldi ofiziala asteazken honetan egin da Carlos Santamaria zentroan, UPV/EHUko Donostiako campusean. Bertan izan dira Marian Elorza, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Euroeskualdeko Batzorde Betearazleko kidea; Nekane Balluerka, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Alfonso Carlosena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; Olivier Pujolar, Bordeleko Unibertsitateko presidenteordea; Hélène Velasco, Bordeaux Montaigne Unibertsitateko presidentea; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Jacques Mikulovic Akitaniako ESPEko (Irakaskuntza eta Irakasletzako Goi-mailako Eskola) zuzendaria.

Denek ere aditzera eman dute Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) programa «aukera paregabea» dela «hiru lurraldeetako hezkuntza-erakundeak euren artean gero eta gehiago hurbiltzeko eta gazteentzat prestakuntza- zein enplegu-eskaintza handiagoa sortzeko. Gogorarazi behar da programak eskaintzen dituen ikastaroek Euroeskualdearen lurraldeko eskola elebidunetan irakasteko behar den hizkuntza-maila lortzea» ahalbidetuko dutela.

Proiektuak ahalbidetuko du UPV/EHUko eta UPNAko Irakasletzako 4. mailako 10 ikasleri edo graduaturi frantseseko urtebeteko prestakuntza ematea BDX Montaigne Unibertsitatean, eta, ondoren, oposaketak prestatzea hurrengo urtean Akitaniako ESPEn frantses-euskara irakasle elebiduna izateko.

Posible egingo du, halaber Akitaniako unibertsitateetako 20 ikasleri (10 hautagaiko bi promozio) euskarako urtebeteko prestakuntza ematea UPV/EHUn (Zornotzako barnetegia), eta, ondoren, oposaketak prestatzea hurrengo urtean Akitaniako ESPEn frantses-euskara irakasle elebiduna izateko.

Interesa duten ikasleek maiatzaren 15era arte izango dute zabalik izena emateko epea. Informazio guztia eskuragarri dago proiektuaren web-orrian.

Programa Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du, Interreg V Espainia, Frantzia, Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos