Ekonomia zirkularraren inguruko graduondokoa izango du EHUk, 30 plazaduna

Ekonomia zirkularraren inguruko graduondokoa izango du EHUk, 30 plazaduna
Lobo Altuna

Ingeniaritza, Ekonomia eta Enpresa Administrazioaren arloetako gradudun eta profesional aktiboei zuzenduta dago 'Ekonomia Zirkularra: enpresa-ezarpena' graduondokoa, nahiz eta edonorentzat eskuragarri dagoen

DVDonostia

Euskadin, gero eta enpresa gehiago ari dira praktika edo eredu zirkularrak baliatuz lanean. Sektore oso ezberdinetan da erabilgarria, besteak beste, automobilgintza, garraio ekipamendu, ekipamendu elektriko eta elektroniko, makina erreminta, metalgintza, kimiko, higiezin, eraikuntza eta ingurumen zerbitzuen azpisektorean. Arlo berri horretako profesionalen industria eskaerari erantzuteko, Industria Ekonomia Zirkularreko graduondokoan matrikula egiteko epea irekita dago. 2019-2020 ikasturtean hasiko da ematen, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

Gradundokoak 30 plaza eskainiko ditu. Graduondokoa egiten duten ikasleek ekonomia zirkularrak enpresei eman ahal dien balioa identifikatzeko gaitasunak garatuko dituzte, eraginkorragoak izango diren material zikloak sortzeko, lankidetza ekonomia bat diseinatzeko eta inplementatzeko, eta enpresei proposatzeko ekonomia zirkularraren ikuspuntuan oinarritutako negozio ereduak.

Ikasketa plana bederatzi modulutan banatuko da, eta honako gai hauek landuko ditu: ekodiseinua eta ekonomia zirkularra; ekoberrikuntza negozio aukera moduan; ekonomia zirkularra enpresan; ekonomia zirkularraren testuingurua eta alderdi orokorrak; ingurumen kudeaketako tresnak enpresan; produktuen eta zerbitzuen ekoizpenaren eta kontsumoaren ondoriozko ingurumen inpaktuak; ekonomia zirkularraren kasuen deskribapena; bizitza zikloaren azterketa: kalkulurako eta komunikaziorako tresnak; produktuaren ingurumen aztarnaren kuantifikazioa. Programa osatzeko, ikasleek ikerketa lan batzuk aurkeztu beharko dituzte, titulua eskuratzeko azken urrats moduan.

Lehen graduondokoa

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak eta Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak akordioa aurkeztu dute. Horrela, industriaren ikuspegiko ekonomia zirkularraren inguruko Estatu mailako lehen graduondokoa jarri dute martxan.

'Ekonomia Zirkularra: enpresa-ezarpena' da graduondokoaren izena, eta ikasleek unibertsitate adituaren titulua eskuratuko dute, EHUko ikasketa-planaren arabera. Formatu erdi-presentziala izango du eta 2019ko urritik 2020ko apirilera arte emango da, Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publiko Ihoberen eta Basque Ecodesign Center zentroaren lankidetzarekin.

Gai horretan prestatutako profesionalen industrian existitzen den egungo eskaerari erantzun nahi zaio graduondokoaren bidez. Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, ekonomia zirkularrak 580.000 lanpostu zuzen baino gehiago sor ditzake hemendik 2030era, eta Euskadik Ekonomia Zirkularreko Estrategia berrian ezarri duen helburua da arlo horretan 3.000 lanpostu berri sortzea 2030erako.

Ingeniaritza, Ekonomia eta Enpresa Administrazioaren arloetako gradudun eta profesional aktiboei zuzenduta dago, nahiz eta lizentziatura, diplomatura edo gradua duen edonorentzat eskuragarri dagoen, ekonomia zirkularrak diziplina anitzeko izaera baitu.

Aurkezpen agerraldian azaldu dutenez, Euskadik urteak daramatza arrakastarekin lan egiten ekonomia zirkularrean. 2000tik, euskal ekonomia %26 hazi da, materialen kontsumoa %25 murriztu da eta zabortegian amaitzen duen hiriko hondakinen bolumena %56 murriztu da.

Beraz, Euskadiko industria ekonomia zirkularrago baterantz joateko eraldaketa egiteko mugarria dela aurreikusi da. Sektoreak ia %25eko ekarpena egiten dio BPGd-ari, eta materialik gehien kontsumitzen duen (gehienak inportatuak) eta hondakinik gehien sortzen duen sektorea da.

Temas

Euskera