«Ikastolen sarea zabaltzen jarraitu behar dugu Iparraldean»

Hur Gorostiaga Ikastolen Elkartearen egoitzan/Jose Usoz
Hur Gorostiaga Ikastolen Elkartearen egoitzan / Jose Usoz

Senperen ospatuko da aurtengo Herri Urrats jaia. Festa giroa izateaz gain, erreibindikaziorako tartea ere izango da, Seaskak 50. urteurrena ospatuko duen honetan

Elisa Belauntzaran
ELISA BELAUNTZARANDonostia

Milaka euskaltzalek bat egingo dute bihar Senperen. Bertan, Iparraldeko ikastolen aldeko festa izango da. Aurtengo Herri Urrats ospatzeko dena prest dute Seaskakoek, bere 50. urteurrena betetzen duten honetan. Berrikuntza handirik gabe heldu omen da igandeko hitzordua, baina «ilusioz beterik». Helburu nagusia mantenduz, «sarea handitzen jarraitu behar dugu». Hori dio Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

-Nola heldu da aurtengo Herri Urrats?

-Ilusioz beterik. Aurtengoan ere egitarau zabala prestatu dugu eta ekitaldi desberdin eta ugari izango dira bertaratzen direnek ahal duten hobekien pasa dezaten.

-Horretarako egitarau zabala prestatu duzue.

-Urtero bezala, animazio taldeak egitarau oparoa eskaini dio Herri Urrats bestari. Toki guzietan dantza, musika eta animazioak izanen dira. Handientzat ala ttipientzat, hots gustu guzientzat. Ez dezagun ahantz ikastola guzietako besta dela eta toki handia egiten zaiola ere haurren animazioari. Izan dadin Haurren Xoko nagusian Araba gunean, zein Lapurdi eta Gipuzkoa guneetan. Ikusgarriak, joko kooperatiboak, puzgarriak eta beste tailerrak proposatuak dira egun osoan.

-Prebentzioaren inguruan ere lan handia egingo dute gurasoek.

-Azken urte hauetan bi problematika jorratu ditugu: alkohola eta drogaren kontsumoaeta eraso sexistak. Igande honetan ere, goizeko 10:00ak eta iluntzeko 9:00ak artean, gurasoak taldeka ibiliko dira, jaka horiak soinean, prebentzio eta zainketa lanak egiten. Gurasoak jende artean ibiliko dira alkoholaren kontsumoa zaintzeko, jarrera desegokiak saiesteko eta jendea informatzeko.

-Sensabilizazio kanpaina egingo duzue aurten ere bai?

-Duela 3 urte prebentzio eta formakuntza lana hasi genuen elkarte horrekin. Helburua da gu, antolatzaileok, alkoholaren eta beste drogen kontsumoen arazoez konziente izan eta serioski hartzea. Orain arte ez dugu arazo larririk ezagutu Herri Urratsen, eta erne egoten jarraitu nahi dugu. Badakigu besta giroan gehiegikeria ainitz gerta daitezkeela, hala nola adierazpen sexistak, irainak, jazarpena edo sexu erasoak. Besta egunean ere sentsibilizazio kanpaina eginen da 'Eraso sexistarik EZ' lelopean. Protokolo bat landu dugu besta egunean erasoren bat gertatzen bada, biktima nola lagundu jakiteko. Gure helburua da besta denentzat eremu seguru eta plazer gune bat izatea.

«Protokoloa landu dugu eraso sexistarik gertatzen bada, biktima nola lagundu jakiteko»

-Senperen burutzen den festa egunean, ongi pasatzeaz gain, Herri Urrats sortu zen helburua nagusiak bizirik dirau.

-Bai, noski. Herritarren sostengua ezinbestekoa da guretzat, eta oso garrantzitsua da igandean jendeak, Seperen egoteaz gain, festan parte hartzea. Herri Urrats bestaren etekinei esker Seaskak 31 ikastola, 4 kolegio eta lizeo bat ireki ahal izan ditu. Ikastolen federazioaren parte diren ikastolen eraikinen garapena eta mantenua ziurtatzeko baliatzen dira, bereziki, bestatik lortzen diren irabaziak.

-Aurten, Baionako Kolegioa eta Lizeoa dira festaren erdigunean.

-Bai, Baionako Estitxu Robles Kolegioa, iaz ireki genuena. Seaskako laugarren kolegioa da. Lehen mailetan bezala, bigarren mailek ere sekulako arrakasta dute. 2013an Xalbador kolegioa handitu behar izan genuen. Baina ez zenez aski, iaz Baionako kolegioa ideki genuen 62 ikaslerekin. Aurten, 107 ikasle dira bertan eta heldu den sartzean 160 ikasletik goiti izanen dira. Bastimendua, 60. hamarkadako bastimendu zaharkitu bat da.

-Eta ondoren, nora joango dira ikasle horiek?

-Baionako Bernat Etxepare lizeora. 2017ko irailean zabaldu genuen Lizeoa; 162 ikasletik 301 ikasletara pasa ginen eta 2018ko irailerako 354 ikasle genituen. Heldu den sartzean 400 ikasleen heina gaindituko dugunez, obren lehen fasea beterik, lizeoa handitzeko bigarren faseari ekinen diogu, hastapenetik pentsatua zen gisan. Lehen fasean gelak, laborategiak, kiroldegia, barnetegia, jangela eta sukaldea eraiki genituen. Bigarren fasean, ikasgelak baizik ez dira izanen eraikitzeke, 11 gela berri, 150 ikasle gehiagori harrera egiteko.

«Bestaren etekinei esker, Seaskak 31 ikastola, lau kolegio eta lizeo bat ireki ahal izan ditu»

-Orduan, Seaskak eta ikastolek egin duten lanak fruituak eman ditu.

-Bai, hasiak gara jasotzen Seaskak eta gurasoek 50 urte hauetan egindako lana. 4.000 ikasle eskolatzen ditugu 36 ikastexetan. Hala ere, sarea zabaltzen jarraitu behar dugu. Iparraldean 159 herri daude eta denetan euskaraz ikasteko aukera izatea dugu helburu.

-Nolakoa da, egun, frantses gobernuaren jarrera?

-Azken urteetan bezala, Seaska eta frantses gobernuaren arteko harremanen termometroa izanen da Herri Urrats aurten ere. Baina aurtengo Herri Urratsek, ez du ikastolen sukarra bakarrik azaleratuko, Ipar Euskal Herriko hezkuntza sistema osoa baita Frantses Hezkuntza Ministerioaren jomugan.

-Orduan, hobetzerik bada harreman horretan?

-Ikastolen eta murgiltze ereduaren arrakasta ikusirik, azken urteetan hainbat esperimentazio abiatu dira eskola publiko eta pribatuetan. 30 eskola baino gehiagotan murgiltze ereduari buruzko lehen urrats batzuk eman dituzte 3 eta 4 urteko haurreri eskolak osoki euskaraz emanez. Zenbait lekutan, 5 urteak bete arte luzatu dute esperimentazioa. Baina murgiltze eredu integralera heltzeko, esperimentazioa lehen maila osora hedatu beharra dago, baita kolegiora eta lizeora ere. Eta euskara, klaseko hizkuntza izateaz gain, klasetik kanpoko hizkuntza izan behar da, aire hartze eta kantinetan hitz egiten dena.

-Zuen eskaerak onartuko al ditu gobernuak?

-Esperimentazioa hedatu eta indartu ordez, Frantses Gobernuak gibelerat egin nahi du. Hezkuntza ministroak postuak ukatzen dizkigu eta Jacqueline Gourault ministroak eskola publikoetan murgiltze eredua antikonstituzionala dela dio. Ez gaitezen engaña, murgiltze eredua suntsitu nahi du Frantses Gobernu jakobinoak, esperimentazioak geldituz publikoan (17tik ez daitezen 20ra pasa) eta ikastolei garapenerako postuak ukatuz. Errektoradutzarekin negoziaketak abiatu ditugu. Guk 25 postu behar ditugu, baina Errektoradutzak 5 besterik ez ditu ezarri mahaigainean. Errektorea dugu parean, baina Parisko itzala sentitzen dugu denen gainetik.

-Nola ulertzen da hori?

-Garbi dago Frantses Gobernuak euskara etxean gelditzea nahi duela. Hiztun kopuruak gora egin du azken inkesten arabera, eta hori ez zuten espero. Gorakada hori ikastoletan ikasitako ikasleen aldetik heldu da. Gobernuko agintariek ez zuten espero, eta orain mugatu egin nahi dute, euskara ito nahi dute eta. Guk, aldiz, nahi dugu ikastolez gain, eskola publiko eta katolikoetan ere euskara ikasteko aukera izatea, ahal den guztia zabal dadin.

Temas

Euskera