103 ikastetxetan garatu dituzte beste herrialde batzuetako ikasleekin proiektuak

Kalitate Zigiluak banatu dituzte /Irekia
Kalitate Zigiluak banatu dituzte / Irekia

Ikasturtez ikasturte haziz joan den datu hori, eta iaz, eTwinning programaren parte hartzaileen 22 proiektuk lortu zuten Kalitate Zigilua

DVDonostia

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eman dio hasiera Europako eTwinning programa ezagutzera emateko jardunaldiari. Hezkuntza Sailak antolatu du ekitaldia. Hezkuntza-arloko ehun profesional inguru elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian.

Joan zen 2018-2019 ikasturtean, Euskadiko 103 ikastetxek garatu zuten proiekturen bat eTwinning programaren baitan. Ikasturtez ikasturte haziz joan den datu hori, eta aurreikusi dutenez, ikasturte berri honetan ere ugaritu egingo da Europako plataforma horren bidez proiekturen bat garatuko duten ikastetxeen kopurua.

Bilerara bertaratutako asko Europako programan ikasturte honetan lehen aldiz parte hartuko duten ikastetxeak ordezkatzera etorri dira; beste batzuk, berriz, beteranoak izanda, beren esperientzia gainerako ikastetxeekin partekatu eta ezagutzera emateko bertaratu dira. Horregatik, jardunaldi hau foro egokia izan ohi da, batetik, Europako ekimena eta bere funtzionamendua ezagutzera emateko eta, bestetik, tailerren bitartez, programako parte-hartzaile gisa esperientzia zabala duten ikastetxeetako jarduera egokiak azaltzeko.

Irakasleek egindako lanaren eta ahaleginaren aitortzan, 2018-2019 ikasturtean Euskadiko ikastetxeetan garatutako 22 eTwinning proiektuk Hezkuntza Ministerioak ematen duen Kalitate Zigilua eskuratu dute.

Europar herritartasuna garatzea

Jardunaldiaren aurkezpenean, Maite Alonso sailburuordeak nabarmendu du honelako programa batean parte hartzeak zein onura dituen ikasle eta irakasleentzat. «Ikasleek beste kultura batzuetatik ikasten dute eta, halaber, teknologia berriei eta atzerriko hizkuntzei lotutako trebetasunak praktikatzen dituzte, edozein irakasgaitako curriculum-edukiak garatuz. Eta gainera, Europako hezkuntza komunitateko kideak sentitzen diren heinean, europar herritartasuna eta dimentsioa ere garatzen dute».

Irakasleei dagokienez, sailburuordeak azpimarratu du «talde hausnarketarako eta ikaskuntzarako aukera anitzak eskaintzen zaizkiela. Irakasleek badute beste irakasle europar batzuk ezagutzeko eta ideiak trukatzeko aukera eta ahalbidetzen zaie horrela beren irakasteko metodoak hobetzea, ikuspegi desberdinak konparatuz eta aplikatuz, eremu konkretu baten ezagutza zabaltzea edo, besterik gabe, informazioa trukatzea».

IKT tresnei esker (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak), eTwinning programak taldean lan egiteko aukera ematen die geografikoki elkarrengandik urrun bizi diren ikasleei. Europako herrialde desberdinetako ikasleak lankidetzan aritzen dira proiektu berean, hasi eta amaitu arte.

eTwinning Erasmus+ programan sartzen da, eta helburutzat du bertan parte hartzen duten Europako herrialde desberdinetako ikasleen eta irakasleen arteko harremana, ideien trukea eta lankidetza bultzatu eta erraztea, IKTen bitartez.

Temas

Euskera