Hizkuntzen tratamenduari buruzko saioa Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

Ikastolen Elkartea Koldo Tellitu lehendakariak eta Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak ordezkatu dute./
Ikastolen Elkartea Koldo Tellitu lehendakariak eta Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak ordezkatu dute.

«Ikasteredu orokortua» abian jartzea proposatu du Kontseiluak, eta Ikastolen Elkartea «euskara ardatz duen eleaniztasuna bultzatzearen alde» agertu da

Hezkuntza-sistema ez unibertsitarioko hizkuntza tratamenduari buruzko agerraldi bana egin dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, EH Bildu talde parlamentarioak hala eskatuta, Kontseiluko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariaek. Eskaera egin duen Rebeka Ubera legebiltzarkideak aurkeztutako dokumentuan irakur daitekeenez, «hizkuntza-ereduen diseinuak aldaketa handiak ekarri ditu, jakina, baina albo kalteak ere, eta ez nolanahikoak. Ez da, bakarrik, hizkuntza-ereduen diseinuak ez duela betetzen jatorrizko helburua: ikasle guztiek hizkuntza-gaitasun maila nahikoa lortzea. Beste ondorio kaltegarriak ekarri ditu. Hizkuntza-ereduen eraginez ekitatearen printzipioa hautsi da, aukera berdintasuna murriztu da eta ikasleen arteko bereizkeria eta bazterketa agertu da».

Helburua «Hezkuntza sistema ez unibertsitarioko ibilbidea amaitzean ikasle euskaldun eleanitzak lortzea» izanik, EH Bilduk «komenigarria ikusi du hausnarketatik, eztabaidari bide emateko Hezkuntza-sistema ez unibertsitarioan hizkuntza tratamenduari buruz zer esana izan dezaketen erakundeak gonbidatzea, abian jarri dituzten, proposatu dituzten edo eta lantzen ari diren irizpideak, esperientziak zein izan ditzaketen ezagutzak konpartitu eta jasotzeko legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean».

Ikasteredu orokortua

Asteazken honetan, esan bezala, Kontseiluaren eta Ikastolen elkartearen txanda izan da. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok «jauzia egiteko» eta «ikasteredu orokortua» jartzeko garaia dela adierazi .

«Borondate politikoa besterik ez da falta jauzia egiteko, egun aukera guztiak daude belaunaldi berri euskaldun-eleaniztunak bermatzeko», esan die batzordea osatzen duten alderdiei. Bilbaok Kontseiluak hezkuntza sektoreko eragile nagusienekin (Euskal Herriko Ikastolak, Kristau Eskolak, EHIGE, SORTZEN eta HIK HASI) jorratutako Ikasle Euskaldun Eleaniztunak dokumentua izan du ardatz eskaera hori egiteko. «Urteetan, ikasle euskaldun eleaniztunak arrakastaz sortu dituzten eragileekin jorratutako proposamena da abiapuntu. Hartara, proposamen erreala da Kontseiluarena» adierazi du.

Paul Bilbao, eskuinean, Hezkuntza Batzordearen lan-saioan.
Paul Bilbao, eskuinean, Hezkuntza Batzordearen lan-saioan.

Proposamena egitearen zioa gogorarazi du Kontseiluko ordezkariak batzordean, hain zuzen ere, 2005ean ISEI erakundeak aurkeztutako datu kezkagarriak: «Lehen aldiz, enpirikoki egiaztatu ahal izan genuen ereduen sistemak ez dituela ikasle guztiak euskalduntzen. Hartara, kezka hori buruan ekin zion Kontseiluak etorkizuneko belaunaldiak euskaldun eleaniztunak izateko proposamena egiteari. Horretarako, azterketa psikolinguistikoa, soziolinguistikoa eta pedagogikoa batetik, azterketa juridiko-legala bigarrenik eta, azkenik, azterketa operatiboa egin genuen», azaldu du

Azterketa horien ondorioz proposamena egin zuen Kontseiluak eta borondatea egonez gero berau aplikatzeko aukera errealak bazeudela eta orain ere badaudela adierazi du: «Asko aldatu da hezkuntza azken hamarkadotan, urrats handiak egin dira, irakasle gero eta euskaldunagoa da, materialgintza ona dugu… borondate politikoa behar da jauzia egiteko. Erabakia hartu behar dute» aldarrikatu du Kontseiluko eledunak.

Euskara ardatz duen eleaniztasuna

Ondoren mintzatu den Ikastolen Elkarteko ordezkaritza Koldo Tellitu lehendakariak eta Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak osatu. Ikastolen ordezkariek argi adierazi dute egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen hizkuntza ereduen sistemak porrot egin duela, eta euskara ardatz duen eleaniztasuna bultzatzearen alde agertu dira, murgiltze eredu baten alde, baina komunikazio konpetentziaren maila egokia lortzeaz gainera, euskal kulturaren gutxieneko ezagutza barneratzeko ere balio izango duen eredu baten alde egin dute.

«Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira. XXI. mendeko euskaldunak hezi nahi baditugu, euskaldun gaurkotuak, behar berriei egokituak eta aurrerapenetan txertatuak behar ditugu, eta horretarako Euskal Curriculuma behar dugu», azpimarratu dute. Izan ere, «murgiltze eredurik euskaldunenak ere ez du askorik balio euskaldun aktiboak sortzeko orduan. Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira«.

«DBH amaieran B2 lortzeko modu eraginkorrena murgiltze eredua dela argi daukagu. Ebaluazio serio batek, murgiltze ereduaren orokortzea ekarri beharko luke», adierazi dute. Era berean, hizkuntza ereduan eraldaketa emateko hezkuntza lege berri baten premia ere azpimarratu dute, berau delako aukera bakarra, egungo legedian ez baitu tokirik.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos