Lan hitzarmena berritu dute ikastolek

Lan hitzarmena berritu dute ikastolek
Lazkano

Lan hitzarmena «ikastoletako langileen garaipen kolektiboa» dela adierazi du LAB sindikatuak. Besteak beste, adostu dute ikastola guztietan berdintasun planak bultzatzeko konpromisoa

DVDonostia

Ikastolen Elkarteak eta LABek Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastolen lan hitzarmen berria sinatu dute. Ikastolen Donostiako Etxean egin dute negoziazio mahaiaren azken bilera; Horrela, langileentzat «hobekuntza ugari» ditu, bereziki 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat. Halaber, ikastola guztietan berdintasun planak bultzatzeko konpromisoa ere martxan jarri dute.

Ikastolen Elkartetik jakinarazi dutenez, joan den abenduan sinatutako lan akordioan hitzartutako puntuak biltzeaz gainera, atal nagusiak eguneratu eta berritu dira.

2018. eta 2019. urteei dagokien hitzarmenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 59 ikastolei eragiten die. 3.500 langile eta 46.603 ikasle dituzte ikastolok, eta LABek ordezkarien %75 dauka.

Gainera, jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz ikastoletan gelak itxi beharko balira, «ikastolek borondate irmoa dute, orain arte egin bezala, lanpostuei eusteko», eta hitzarmen berrian xede horretarako lan batzorde berezi bat osatzea ere aurreikusi da.

Lan hitzarmena adosteko aldeek erakutsi duten borondatea nabarmendu du Ikastolen Elkarteak. «Prozesua luzea izan da. Ia urtebete behar izan zen lan akordioa adosteko, eta zortzi hilabete gehiago behar izan dira lan hitzarmen berria egiteko. Denbora honetan guztian, ordea, akordiorako borondatea izan da bi aldeetan. Inguruko kanpo faktoreek helburuan eraginik ez izateko erakutsitako jarrera ere txalogarria izan da», adierazi du.

Garaipen kolektiboa

Bestalde, lan hitzarmena «ikastoletako langileen garaipen kolektiboa» dela adierazi du LAB sindikatuak, «langileengandik eta langile guztiontzako egina». Hala ere, gogoratu du hilabete gutxi barru 2020rako lan hitzarmena negoziatzeari ekin behar diotela berriz. «Erronka garrantzitsuak ditugu aurrera begira, eta horretan tinko arituko gara urratsez urrats aurrera eginez», ziurtatu du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari «erantzukizunez eta arduraz jokatzea» exijitzen jarraituko duela jakinarazi du: «Ikastoletako negoziazio mahaian, gure lan baldintzak hobetzeko urratsa eman dugu oraingoan. Baina ikastoletako langileoi zuzenean eragiten diguten hainbat atal Hezkuntza Sailaren menpe daude; soldaten homologazioa, era duin baten erretiratzeko aukera, hezkuntzak aurrerantzean dituen erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak jartzea».

Temas

Euskera