Galegozko eskoletan, ikastolen lana eredu

Galegozko eskoletan, ikastolen lana eredu
Ikastolen Elkartea

Elkarlanerako Aliantza sinatzea erabaki dute Galiziako Semente eskolek eta Ikastolen Elkarteak. Urtean bitan bilduko dira aurrerantzean proiektuen berri elkarri eman eta aurrera pausoetan elkarrekin lan egiteko

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Iaz, jardunaldi pedagogiko batzuen ildotik, harremanetan ipini ziren Galiziako Semente eskolak eta Ikastolen Elkartea. Harremanak joan dira sendotzen eta Elkarlanerako Aliantza sinatzea erabaki dute. Elkarlanerako Aliantza maiatzaren 17an Santiagon sinatu da, 'Dia das Letras na Galiza' galegozko literaturaren egunean, hain zuzen.

Aliantzaren lehenengo ekitaldian bat egin dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta Sementeko ordezkari, familia eta ikasleek. 2011ko azaroaren 2an Compostelan ireki zen lehen Semente eskola, bi eta sei urte bitarteko umeentzako eskola bat, osorik galegoz.

Mende honetan galego hiztunen beherakada nabarmena izan da, eta egoera horri aurre egiteko, galegoaren berreskurapena eta Galiziako kulturaren transmisioa ondorengo belaunaldientzat ziurtatzeko sortu dituzte Sementeak edo Escolas de Ensino Galego direlakoak, hau da, galegozko ikastolak.

Semente eskoletan galegoa da komunikazio-hizkuntza, umeen auto-estimu linguistikoa indartzea bilatzen dute, eta Curriculum nazional galego bat osatu nahi dute. Eskola hauen beste ezaugarri batzuk hauek dira pedagogia eraldatzailea aurreratu eta aurrerakoia; jarduera guztiak galegoz egitea; eskola laikoak dira; hezkidetza eta berdintasunaren ildoak bultzatzen dituzte; gurasoek, hezitzaileek eta ikasleek parte-hartze zuzena eta erabakimena dituzte Semente eskolen eguneroko kudeaketan; eta askatasuna, errespetua eta auto-erregulazio arduratsuak babesten dituzte.

Halaber, eskolak txertatuta daude beren herri eta auzoetan, kultura artekotasun espazioak dira eta naturan oinarritutako heziketa sustatzen dute.

Elkarlanaren bila

Ikastolek, beren azken Biltzarretik, inguruko erakundeekiko harreman eta lankidetza markoa biziberritzea dute helburu, «bereziki berariazko hizkuntza duten edota hezkuntza-sistema propioa izan nahi duten Herri eta Nazioetako erakundeekin. Erakunde hauekin harremanak egin nahi dira, ikasteko eta hobetzeko eta elkar-lanak burutzeko«.

Sementeek ere, «kolonizazio linguistikoko prozesuen aurrean, beren hizkuntza minorizatuak babesten dituzten herriekin» harremanak ezartzea dute helburu.

Euskal Herriko hainbat erakunde eta pertsonarekin harremanak izan ditu hasieratik; besteak beste, Irrien Lagunekin, Asisko Urmenetarekin, Jon Sarasuarekin, Txerra Rodriguezekin edo Eider Palmourekin.

Elkarlanerako Aliantza sinatzea erabaki dute hezkuntzan «gure hizkuntzen normalizazioa lortzeko eraginkorrena murgiltze eredua dela gizartea kontzientziatzeko estrategia komunak garatzeko«, hezkuntza proiektu »herrikoi, autogestionatu, irabazi asmorik gabeko eta hezkuntza tradizionalaren alternatiboak bultzatu, sendotu eta aldarrikatzeko«, Espainiar Estatuko lege proiektuei aurre egiteko ekimenen koordinazioa aztertu eta bultzatzeko, ikaskuntza eta hobekuntza ekintza bateratuak egiteko eta hezkuntza materiala trukatzeko, eta elkarte bakoitzaren egoeraren eta nazio bakoitzaren hezkuntza sistemaren elkar-ezagutza bultzatzeko.

Aliantza honen planifikazioa, ebaluazioa, jarraipena eta koordinazioa aurrera eramateko Semente eta Ikastolen Elkartea gutxienez birritan bilduko dira urtean zehar.

Pozik agertu da hitzarmenarekin Ikastolen Elkartea. Estatu Frantseseko zenbait erakunderekin Seaskaren bitartez horrelako aliantzak sinatuta badituzte, baina Estatu espainiarreko batekin sinatutako lehenengo elkarlanerako aliantza da hau.

Temas

Euskera