Euskara eta euskal kultura irakasteko deialdia zabalik

Frankfurteko Goethe Unibertsitatea/Etxepare
Frankfurteko Goethe Unibertsitatea / Etxepare

Etxepare euskal institutuak nazioarteko bost unibertsitateetan irakasteko irakurle berri bana hautatzeko deialdi publikoa zabaldu du

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Datorren ikasturtean hasiko dira eskolak ematen hautatutako pertsonak, ondorengo unibertsitateetan: Alemanian, Berlingo Freie eta Frankfurteko Goethe Unibertsitateetan, Irlandan Corkeko Unibertsitatean, Polonian Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitatean eta, azkenik, Japonian Tokioko TUFS Unibertsitatean.

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 17an amaituko da (barne), eta eskabidea behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan edo Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN bulegoetan aurkeztu beharko da.

Hautagaiek bete beharreko baldintzak, egonaldiaren baldintzak, hautapen irizpideak eta abar, esteka honetan ikus daitezke.

Euskaltegietan ez ezik, euskara mundu osoko 37 unibertsitatetan ere irakasten da, Etxepare Euskal Institutuak unibertsitateekin helburu horretarako sinatutako beste hainbeste lankidetza hitzarmeni esker. Mundu osoan 29 irakurle daude, eskolak emateaz gain, esparru akademikoan euskararen eta euskal kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile izateaz arduratzen direnak.

Egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotzeko, 2011. urtetik aurrera Etxepare Euskal Institutuak «Excellence in Basque Studies» ikastaroa antolatzen du urtero, uda partean, UPV-EHUko Udako Ikastaroekin elkarlanean. Bestalde, 2014. urteko udazkenaz geroztik atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza programa ere eskaintzen du Institutuak, EHUko Euskara Errektoreordetzarekin lankidetzan.