Euskadiko herritarrek instituzioekiko konfiantza maila altua dute, bereziki unibertsitatearekiko

Euskadin ezagutzen dituzten unibertsitateei buruz galdetuta, inkestatuen %81ek UPV/EHU aipatu dute/Juanjo Aygües
Euskadin ezagutzen dituzten unibertsitateei buruz galdetuta, inkestatuen %81ek UPV/EHU aipatu dute / Juanjo Aygües

EAEko egoeraren balorazioa 1995etik neurtutako onena da, Euskal Soziometroaren arabera. Espainiako egoera dezente okerrago baloratu da, nahiz eta 2014an hasitako hoberanzko joerari eusten dion

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Euskadiko egoeraren balorazioa 1995etik neurtutako onena da, eta bertako unibertsitateen funtzionamendu eta kalitateari buruzko iritzi ona daukate Euskadiko biztanleek orokorrean. Euskal Soziometroaren azken edizioko datuek argitutakoaren arabera, EAEko herritarrek instituzioekiko konfiantza maila altua adierazten dute, bereziki unibertsitatearekiko; 2019ko urtarrilaren 29a eta otsailaren 9a bitartean egindako galdeketan, %78k hala adierazi dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %33k ikasketa unibertsitarioak egin dituzte edo egiten ari dira eta %58k dute egin dituen edo egiten ari den hurbileko senideren bat. Inkestan parte hartutako 10 lagunetik 9k uste dute oso edo nahikoa garrantzitsua dela Euskadiren garapen kulturalerako, gizarte aurrerapenerako eta garapen ekonomikorako unibertsitate sistema.

Eurentzat edo hurbileko senideren batentzat unibertsitate karrera edo Lanbide Heziketako goi-mailako gradua aukeratu beharko balute, biztanleen erdiak unibertsitateko karrera nahiago luke eta %35ek LHko goi-mailako gradua.

Euskadin ezagutzen dituzten unibertsitateei buruz galdetuta, inkestatuen %81ek UPV/EHU aipatu dute, %69k Deustuko unibertsitatea, %32k Mondragon Unibertsitatea eta %7k beste batzuk.

Biztanleen %18k uste dute Euskadiko unibertsitateek oso ondo funtzionatzen dutela, eta %60k, nahikoa ondo. Halaber, %37ak uste du Euskadiko unibertsitateen kalitatea Estatuko gainerako erkidegoetako unibertsitateena baino hobea edo askoz hobea dela, %35ek antzekoa dela deritzote eta soilik %2k txarragoa dela.

Orokorrean, iritzi dute unibertsitateetako irakaskuntzaren kalitatea nahikoa ona dela, eta Euskadiko unibertsitateetan titulazio aukera «dezente handia» dagoela. Gehiengoak uste du nahikoa prestatuta daudela, eta ikerketa mailari dagokionez ere, nahikoa aurreratuta daudela.

Unibertsitate parekidea

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, biztanleen gehiengo nagusiak uste dute Euskadiko unibertsitateak oso edo nahiko berdinzaleak direla.

Hala ere, ondorioztatu dutenez, Euskadiko unibertsitateen funtzionamenduaren inguruko gai batzuekiko «ezjakintasun handia» dago: %43k ez dakite unibertsitateek mugikortasun, ikusmen, entzumen… zailtasunak dituzten ikasleek bertan ikas dezaten eskaintzen dituzten erraztasunei buruz; %44k ez dakite baloratzen Euskadiko unibertsitateek beste herri batzuetakoekin duten lankidetzaz; %39k ez dute iritzirik ikasleentzako nazioarteko mugikortasun programei buruz eta %56k ez dakite baloratzen online ikasketen eskaintza. Iritzia ematen dutenen artean, iritzi positiboak negatiboen oso gainetik daude lau gai horietan.

Euroeskualdeko unibertsitateekin elkarlana

Etorkizunerako proiektu posibleei buruz, gehiengo zabal bati oso edo nahikoa ondo iruditzen zaio Euskadiko unibertsitateek ikasketa batzuk ingelesez eskaintzea, zenbait ikasketa Lanbide Heziketako ikasleen sarrera errazteko diseinatzea, zenbait ikasketa Euskadi-Aquitania-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitateekin elkarlanean diseinatzea eta ikasketa batzuk online eskaintzea.

Biztanleen gehiengoa ados dago Unibertsitateari buruzko honako baieztapenekin: unibertsitate eta enpresen arteko elkarlan handiagoak ikasleen formazioa hobetuko luke, Euskadiko unibertsitateek edozein ikasketa euskaraz zein gazteleraz ikasteko aukera eskaini behar dute eta unibertsitate ikasketek laguntzen dute ikasleak prestatzen gizarteari ekarpen aktiboa egiteko.

Segurtasuna eta konfiantza

Euskadiko herritarren balorazioak oso baikorrak dira, era berean, egoera pertsonalari dagokionez, baita Euskadiko egoerari buruz ere. Azken hau 1995ean hasitako bilduma osoan neurtutako baloraziorik onena da. Espainiako egoera dezente okerrago baloratu da, nahiz eta 2014an hasitako hoberanzko joerari eusten dion.

Herritarren ustez, Euskadiko arazo nagusiak berriz ere lan merkatuarekin lotutakoak dira, beheranzko joerari eutsi badiote ere. Askoz gutxiago aipatu dira egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa, arazo ekonomikoak , etxebizitza eta etxe gabetzeak, osasungintza, pentsioak, hezkuntza, zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura eta laguntzak eta delinkuentzia eta segurtasun falta.

Herritarrek segurtasun maila altua hautematen dute beren inguruan. Bestalde, EAEko instituzioekiko konfiantza maila altua adierazi dute, unibertsitateaz gain, Eusko Jaurlaritzarekiko, bere herriko udalarekiko, Eusko Legebiltzarrarekiko eta bere Foru Aldundiarekiko. Alderdi politikoek eta Espainiako erregetzak eragiten dute konfiantza gutxien.

Temas

Euskera