Europako Batzordeak EHUko bi Erasmus Mundus master aintzatetsi ditu

Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus masterrek 'Good Practices Flag' aitorpena lortu dute

Europako Batzordeak (EB) 'Good Practices Flag' izeneko aitorpena eman die Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) koordinatzen dituen Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus masterrei, lehen ebaluazioa 100etik 75 puntu baino gehiagorekin gainditu ondoren: lehenak 100etik 83 puntu lortu ditu, eta bigarrenak 100etik 81.

Horrenbestez, EHUk jakinarazi duenez, bi masterrak berehala sartuko dira Kalitatezko Erasmus Proiektuen Plataformako zerrendan; Erasmus programaren esparru guztietako jardunbide egokien arlo guztiak biltzen dira zerrenda horretan. Aurreko Erasmus Mundus programan, 2010 eta 2016 artean egindako 225 proiektuen artetik, soilik 26k lortu zuten aitorpen hori.

«Egresatuentzat onuragarria izango da, haien ikasketa programak aparteko kalitate bereizgarriaren labela izango duelako. Biekin lortutako puntuazioarekin, gainera, aise gainditzen ditugu programa hauek alderdi guztiei dagokienez eskatzen dituzten betekizun zorrotzak: gaia bera, programa egiteko prozesua, webgune garbi eta osoa, gure instalazioak, lan merkatuaren aukera argiak, ikasleei ematen dizkiegun zerbitzu gehigarriak, eta abar», azaldu du Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterraren arduradun Jesús María Blancok.

Era berean, Manu Soto Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren arduradunaren hitzetan, «maila berean jarraitzeko pizgarri argia da». Hori ebaluatzeko, Europako Batzordeko Education, Audiovisual and Culture Executive Agency agentziak aldiro ebaluazioak egingo ditu.

Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren helburua da ikasleak prestatzea askotariko itsas sektoreetan lider gisa jarduteko, hala nola ingurumenaren kontserbazioan eta kudeaketan, gobernuz kanpoko erakundeetan eta gobernu maila guztietan, hasi toki mailatik eta mundu mailaraino.

Itsas ingurunea neurketen eta landa ereduen bitartez aztertzen irakaste zaie ikasleei, proiektuak eta programak kudeatzeko gai izateko eta ondo garatutako lidergoa eta gaitasun pertsonalak eskuratzeko.

Bestalde, Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus graduondoak modua ematen du bi bidetik espezializatzeko: «Itsas energia berriztagarrien sistemen ingeniaritza» eta «Itsasoko energia berriztagarrien sistemetarako potentzia eta kontrol elektronika».

Masterrari esker, ikasleek lider rola hartu ahal izango dute energia berriztagarrien eta itsas energiaren sektoreetan. Ikasleek maila handiko lan teknikoak egin ahal izango dituzte ingeniaritza enpresetan, ekipo fabrikatzaileetan eta bestelako itsas industrietan, eta ikerketa karrerak jorratu ahalko dituzte unibertsitateetan, ikerketa zentroetan eta beste institutu batzuetan.

Temas

Euskera