Eskola Publikoaren Jaiaren kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte

'Makina bat taupada' lelopean, ekainaren 2an egingo da Errenterian Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Ekainaren 2an ospatuko da Errenterian Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia, 'Makina bat taupada' lelopean. 'Makina' hitzak Errenteriaren historia industriala irudikatu nahi du, eskola publikoen sistemaren aldeko apustua egiten duten milaka lagunak ere gogoan hartuta.

Jaiaren aldeko kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Adierazi dutenez, jaiaren nondik norako zehatzak aurrerago azalduko dituzte. Hala ere, abestiak zein ikus-entzunezkoak balio dute jaiaren inguruko zenbait alderdi argitzeko.

Industriaren ideia engranajeen bidez islatu dute, hezkuntza-ereduaren «zeinu identifikagarriak diren elkartasuna, bizikidetza eta inklusioa irudikatuz».

Oneka Oliverik sortu ditu abestiaren letrak, eta Yon Figueroak musika. Estitxu Pinatxorekin batera ahotsa jarri die abeslariak. Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Estitxu Pinatxo, Izaskun Zurutuza eta Arkaitz Minerrek jarri dituzte, besteak beste, mandolinak, gitarra elektrikoa eta akustikoak, hammond organoak edota hammond baxua. Nahasketa eta mastertizazioa Haritz Harreguyk egin ditu. Estudioko grabaketak Aiekako Pello Gorrotxategik egin ditu.

Hurrengoa dio letrak:

Euskal Eskola Publikoak

Errenterian bota du aingura,

denontzat zabalik dago

Euskal Herritik mundura.

Hezkuntza aukera paregabea

etorkizunez dago betea,

zu eta ni engranajea

jar dezagun martxan katea!

Makina bat taupadek

ematen diote bizia,

Euskal Eskola Publikoa

gure geroaren hazia.

Gure herriko kaleetako

argazki baten tankeran,

jatorri eta izaera ugaritako

lagunak gaude ikasgelan.

Euskalduna eta anitza

horrelakoa bait da bizitza,

hezkuntza gizartearen giltza

entzun dezatela gure hitza!

Makina bat taupadek

ematen diote bizia,

Euskal Eskola Publikoa

gure geroaren hazia.

Elkarlanean bagoaz aurrera

denek izan dezagun aukera bera.

Zu ere gurekin batzen al zera?

bultza dezagun denok batera!

Ekainaren bian dugu zita

prestatu eta zatoz , «ti-ta»!

«Errenterian bizi gara eta

egin zaiguzu bisita!»

Urte osorako egitaraua

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren jarduerak ez dira mugatuko egun bakarrera, urte osoko egitaraua da eta. Aurtengo jardueren artean lehena izango da urriaren 21an, Oarsoaldeako ikastetxe publikoen topaketa (Oiartzun) egingo dutenean.

Abenduaren 1ean, Euskal Eskola Publikoko kideen tertulia egingo dute, otsailaren 1ean, 'Txapela buruan eta dantza munduan' ikuskizuna, matrikulazio kanpainaren harira; martxoaren 30ean, aniztasunaren jaia; maiatzaren 2an, kafe tertuliaren bideoaren aurkezpena, DBHrako jarduera dena; hilabete osoz, maiatzean, tertulian irakurritako testuan oinarritutako ipuina eta marrazki erakusketa (HHrako jarduera) eta industrializazioari buruzko unitate didaktikoa (LHrako jarduera) ere aurkeztuko dituzte.

Temas

Euskera