Elorrion egingo dute datorren urteko Ibilaldia

Elorrion egingo dute datorren urteko Ibilaldia
Ibilaldia

'Hel Horri!' leloa izango du jaiak, eta hiru elorri zuhaixkaduna izango da logoa. «Indarrez eta gogoz» euskararen eta ikastolen alde egitera nahi dute animatu, horrela, jendea

DVDonostia

Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia, Elorrion egingo dute datorren urtean, 2020ko maiatzaren 31n. Txintxirri ikastolari egokitu zaio udalerrian hirugarren aldiz antolatzea jaia; aurretik ere 1999 eta 2006an egin zen bertan.

Ikastolak bere 50 urteko ibilbidean izan duen konpromisoa berresteko asmoa du. 'Hel Horri!' leloa izango du jaiak, eta hiru elorri zuhaixkaduna izango da logoa. «Indarrez eta gogoz» euskararen eta ikastolen alde egitera nahi dute animatu, horrela, jendea.

Helburu nagusi bezala zehaztu dituzte, halaber, Elorrioko Txintxirri ikastolaren hezkuntza eredua herriratzea, ezagutzera ematea, ikasketa prozesuko protagonista nagusia ikaslea izatea, adin desberdinen arteko harremanak sustatzea, erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea, Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria eraikitzea eta XVII. mendeko Txintxirri jauregiko espazioen berrantolaketa, besteak beste.

Adierazi dute, hala ere, ez dela jaialdi soila, urte osoan zehar garatuz doan proiektua baizik. Urte osorako egitasmoa prestatuko dute, beraz, betiere euskara, parekidetasuna, jasangarritasuna, parte hartzea eta inklusioa ardatz.

Lekeitioko ikastola, errekuperatuta

Datorren urteko ibilaldiaren aurkezpena baliatu dute Azkue Ikastolako ordezkariek, aurten egindako jaiaren ebaluazioa egiteko. Izan ere, Lekeitioko Azkue Ikastolan, Ibilaldiko eguraldi txarraren eraginez aurreikuspenak ez ziren bete, eta Lekeitioko Azkue Ikastolak galera ekonomikoak izan ditu. Egoeraren larritasuna ikusita, euskal komunitateari laguntza eskaera zabaldu zuten eta erantzuna berehalakoa eta erraldoia izan da.

Esan dute «Euskal Herriko txoko guztietatik» jaso dutela laguntza. «Laguntza ekonomikoaz aparte asko eta asko izan dira beraien burua lanerako eskaini dutenak edota beraien kultur ikuskizunagatik kobratzeari ere uko egin dienak, eskerrik asko guztioi» azaldu du Ainara Ikaran Azkue ikastolako lehendakariak.

Ikastolako arduradunek ez dute datu zehatzik eman, baina jasotako elkartasunarekin eta Ibilaldi egunaren aurretik egindako lanarekin, Ibilaldi eguneko inbertsioa estali eta aurreikusitako proiekturen bat egiten lain ere izango dutela aurreikusten dute. «Urtean zehar egin dugun lan gogorra eta jasotako elkartasunari esker, neurri batean gure proiektua aurrera eramateko aukera izango dugu», gaineratu du Maitane Hidalgo ikastolako zuzendariak.

Temas

Euskera