EHUk 110etik 84ra murriztuko du sailen kopurua

EHUk 110etik 84ra murriztuko du sailen kopurua
Lobo Altuna

Unibertsitatean 2016an hasi zuen, antolakuntza egitura soildu eta gestio eredua hobetzeko asmoz, ikastegiak berrantolatzeko prozesua, 32 ikastegitik 20ra murriztuz

DVDonostia

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) unibertsitate sailen kopurua murriztuko du, egungo 110etik 84tara, hau da, %23,6ko murrizketa portzentuala. Horrela erabaki du EHUko gobernu kontseiluaren bilerak, Bilboko Bizkaia Aretoan.

EHUk jakinarazi duenez, unibertsitatea hainbat ikastegik osatzen dute (eskolak edo fakultateak), unibertsitate campusean banatuta. EHUren kasuan, campusak hiri batean egon daitezke, Arabakoa kasu, edo herri edo hiri ezberdinetan, Bizkai eta Gipuzkoakoa bezala.

Bestalde, sailak irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako profesionalen multzoak dira, eta irakaskuntza eremu komun bat partekatu eta jakintza arlo berari loturiko zenbait irakasgairen irakaskuntza koordinatzen dute.

Sailak zeharkakoak dira, esan nahi baita sail berak irakasgai multzo bera irakats dezakeela ikastegi batean edo gehiagotan, baldin eta, antzekotasun akademikoa dela eta, irakasgai horiek irakatsi behar diren. Sailen eginkizunen artean ere bada zein bere jakintza arloari loturiko ikerkuntza sustatzea. Sailek barne antolakuntza demokratikoa dute, unean uneko zuzendaria buru izanik.

EHUk 2016an burutu zuen ikastegiak berrantolatzeko prozesua, 32 ikastegitik 20ra murriztuz; neurri hori antolakuntza egitura soildu eta gestio eredua hobetzeko asmoz hartu zen.

Oraingoan, berrantolaketak beste murrizketa bati heldu dio sailen kopuruari dagokionean, gestioa hobetzeko helburua ere baduena eta, horrekin batera, unibertsitate egituraren maila organiko horretan erabilgarri diren bitartekoak modu orekatuan banatu eta baliatzekoa.

Hiru irizpide

Prozesua oinarrizko hiru irizpide oinarri hartuta burutu da. Lehenik eta behin, sail bakoitzak, gutxien dela, irakasle-ikertzaileen kategoriako 18 kide iraunkor izan behar ditu arduraldi osoan, eta 18 horietatik gutxienez 12k doktoregoa eginda dutela; bigarrenik, sailak batu dira jakintza arlo bera edo antzekoak partekatzeagatik; eta hirugarrenik, kontuan hartu da sailek zein ikastegitan edo campusetan eskaintzen dute irakaskuntza.

Pedro Iriondo EHUko idazkari orokorraren iritziz, orain hasitako sailen berrantolaketa prozesuak emaitza zeharo positiboak izango ditu: «Sailen lehengo egitura denboran zehar izandako baldintza ezberdinen ondorioa zen. Pentsatzen dugu, ikastegiak berrantolatu ostean, une egokia zela honako hau sailen egitura bera ere birdiseinatzeko, hobekuntza akademikoa erdiesteko asmoz, sail bakoitzean irakasle-ikertzaileen gutxieneko masa kritikoa bermatuta eta sendotuta».

Bide batez, «sailen zatiketa gehiegizkoa» konponduko dela nabarmendu du, «irakaskuntza arinago, hobeto eta malguago gestionatu ahal izango delarik, ikerkuntza eta transferentziaren onurarako». Berrantolaketa parte hartzearen bidezko prozesuaren emaitza da eta espero dugu, behin burututa, emaitzarik onenak ikustea«, gaineratu du.

Bestalde, EHUko gobernu kontseiluaren bileran trantsizio digitalerako batzordea osatu dela jakinarazi da. Egitura digital sendo eta eraginkorra sortzea helburu duen asmo handiko proiektua da, eta unibertsitate jarduera osotasunean artikulatuko du. Proiektuaren garapena prozesuen mapa bat definituz hasiko da, datu baseak eta garapen informatikorako aplikazioak sortu edo egokitzeko. Honek guztionek ezinbestean eskatzen du hezkuntza eskaintza oso gestionatzeko prozesu zentral bat birdiseinatzea, gogoeta estrategikoa, hedapenaren diseinua eta pilotajearen faseak bete beharko dituena.

Temas

Euskera