EAEko eta Holandako ikasleak, elkarrekin lanean

Ikasleak joan den astean ezagutu zuten elkar./HETEL
Ikasleak joan den astean ezagutu zuten elkar. / HETEL

Batera ekin diote plastikoak lehengai izango dituen 3D inprimagailuetarako makina diseinatzeko erronkari

HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, EAEko eta Holandako Lanbide Heziketako hainbat gaztek erronka partekatua dute aurrean: «plastikoak erabiliz harizpiak ekoiztuko dituen makina diseinatzea». Harizpiak, besteak beste, 3D inprimagailuetan erabili ahal izango dira. HETELeko lau ikastetxe —Bizkaiko bi, Arabako bat eta Gipuzkoako beste bat– eta Holandako ROC Da Vinci eskola ari dira proiektuan parte hartzen. Ikasleek joan den astean ezagutu zuten elkar Euskal Herrian, eta lantaldeak dagoeneko buru-belarri ari dira lanean irakasleek proposatu dieten erronkari aurre egiteko.

Proiektuan parte hartzen dutenek, «erronka bati aurre eginez elkarlanean ikasteaz gain, funtsezkoak diren beste trebetasun eta gaitasun batzuk ere barneratuko dituzte, hala nola ingelesa menderatzea, kultura anitzeko taldeetan lan egitea, independentzia eta autokudeaketa. Nazioarteko erronkari emandako irtenbidea irakaslez eta enpresaz osatutako epaimahai baten aurrean aurkeztuko dute martxoan, Herbehereetan».

Nazioartekotze esperientzia bat da, Fabrikazio Mekanikoaren Diseinuko goi mailako LH zikloan aurrera eramaten ari direna. HETELeko ikastetxeetako irakasleek erronka bat diseinatu dute Herbehereetako irakasleekin batera, eta, ondoren, ikastetxe horietako ikasle taldeek ebatzi beharko dute, bi hilabetetan online lan eginez.

Proiektuaren berezitasuna da ikasleek taldean egin behar dutela lan, hau da, hainbat lekutan kokatuta jardun behar dutela —bakoitza bere ikastetxetik—, eta hori guztia teknologiei esker eta ingelesa erabiliz. Proiektuak e-MOTIVE metodologia darabil. Metodologia horren bitartez, HETELek erakutsi nahi izan du nazioartekotzeak ez dakarrela nahitaez fisikoki mugitu beharra, eta ikastetxetik bertatik atera gabe ere egin daitekeela lan, nazioarteko testuinguru batean. Izan ere, gaur egun, horrela dihardute ia enpresa gehienak. Kokalekua dagoeneko ez da nazioartekotze gaitasuna baldintzatzen duen faktore bat. Horrelako egoeretan, komunikazioaren teknologiek berebiziko garrantzia hartzen dute.

Temas

Euskera