DBHtik aurrera Ekonomia derrigorrezkoa izatea eskatu dute ekonomistek

Artxiboko argazkian, finantzei buruzko eskolak Madrilgo ikastetxe batean./EFE
Artxiboko argazkian, finantzei buruzko eskolak Madrilgo ikastetxe batean. / EFE

Gaur egun finantza arloko heziketa hautazkoa da, baina Ekonomisten Euskal Elkargoak egindako inkesta baten arabera gehienek uste dute enbor irakasgai izan behar duela

Ekonomisten Euskal Elkargoak nabarmendu du «gero eta esparru gehiagotatik» eskatzen dela gaur egun hautazko irakasgaia den finantza arloko heziketa enbor irakasgai izatera pasatzea, ibilbide akademiko guztietan. Horrela izanik, elkargoak duela gutxi egin duen inkesta baten arabera, inkestatuen %90ek uste du ikasketa plan guztiek derrigorrezko gutxieneko finantza heziketa bat izan behar dutela.

Inkestaren emaitzak EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko) egindako ekitaldi batean aurkeztu dira. Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatu du topaketa, Finantza Heziketaren 2018ko Astearen barruan, eta Jose Domingo Garcia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Finantza Ekonomia II Saileko irakasleak eta Macarena Cuenca Deusto Business School zentroko Estrategia irakasleak aurkeztu dfituzte inkestaren emaitzak.

Horrela, Ekonomisten Euskal Elkargoak prozesu bat abiatu du finantza arloko heziketa oinarrizko prestakuntzan nola txertatu behar den zehazteko, herritar guztiek erabakiak hartzeko beharrezko ezagutzak eduki ditzaten. Inkestaren emaitzen arabera, jendeak pentsatzen du DBH eta Batxilergoan oinarrizko ezagutzak eman behar direla honako gaien inguruan: ekonomia, finantza plangintza, etika, egungo sistema ekonomikoaren alternatibak eta finantza produktuak.

Halaber, inkestaren arabera, gehienek uste dute oinarrizko ekonomiako irakasgaia arlo horretan ezagutza egiaztatua duten irakasleek edota ekonomistek eman beharko luketela. Erabili beharreko material didaktikoen prestaketari dagokionez, finantza erakundeek, Hezkuntza Ministerio eta Sailak, finantza etikoak sustatzen dituzten erakundeek, unibertsitate fakultateek eta ekonomisten elkargoek parte hartu behar dutela da uste zabalduena.

Inkestan 560 pertsonak hartu dute parte; horietatik 346 ekonomistak izan dira, eta 270 irakaskuntzaren munduarekin lotutako pertsonak. Elkargokideak diren ekonomistez gain, gizarteak gai horren inguruan duen iritzia biltzeko asmoz, guraso elkarte, irakasle, ikasle eta sindikatuek ere parte hartu dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos