Brebeta, Seaska eta Hezkuntza Ministerioaren arteko azken liskarra

Seaskako Ikastolen Kontseiluko hainbat kide, brebeta euskaraz egitea eskatuz./SEASKA
Seaskako Ikastolen Kontseiluko hainbat kide, brebeta euskaraz egitea eskatuz. / SEASKA

Iparraldeko ikastolen elkarteak salatu du 14 urteko 179 ikaslek euskaraz egindako zientzietako azterketak zuzendu ere ez dituztela egingo

Seaskaren eta Jean-Michel Blanquer-en ardurapeko Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arteko harreman gatazkatsuek, berbideratzetik urrun, okerrera egin dute kolegioa amaitzean 14 urteko ikasleek egin behar duten 'brevet' izeneko diploma lortzeko azterketan euskaraz burutzeko aukeren kontura.

Brebeta bigarren hezkuntzako ikasleek kolegiotik lizeorako urratsa egiteko lortu behar duten diploma nazionala da. Lizeotik unibertsitatera igarotzeko gainditu behar den baxoarekin gertatzen den bezala, batak zein besteak dituzten ataletatik gutxi batzuk egin daitezke soilik euskaraz. Brebetaren kasuan, ez da aukera hori eskaintzen zientzietako azterketak (Biologia eta Fisika) egiteko orduan. Iaz, hala ere, Seaskako Piarres Larzabal, Xalbador eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 157 irakaslek euskaraz egin zituzten azterketak, eta ebaluatuak izan ziren. Aurten, ordea, ez da horrelakorik gertatu. Horrenbestez, «tokiko hizkuntzak suntsitzeko politika abian ezarri» izana leporatu dio Emmanuel Macronen ministroari Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen elkarteak.

Seaskak premiazko ohar baten bidez jakitera eman duenez, «joan den urtean bezala, Piarres Larzabal, Xalbador, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 179 ikasleek baita ere Bernat Etxepare kolegioko 3. Proko ikasleek Brebetako zientzietako azterketak euskaraz egin dituzte. Errektoretzak joan den urtean bezala zuzentzaile elebidunak deituak zituen epaimahainera. Bainan joan den urtean ez bezala errektoretzak azterketa zentroak deitu ditu euskarako kopiak bahitzeko, ez ditezen zuzentzaileei banatuak izan. Orotara beraz 179 kopia ez direnak zuzenduak izanen ! 14 urteko 179 kolegioko ikasle zigortuak izanen dira!». Ekainaren amaieran kontzentrazioak-eta egin ziren brebeta osorik euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, baina irakasle, ikasle eta familien eskaerari ez diote jaramon handirik egin, ikusi denez.

Zientzietako euskarazko azterketak zuzendu gabe uzteko agindua, Seaskari datorren ikasturterako behar dituen irakasleak ukatzea bezala, «hizkuntza gutxituenganako Frantziako Estatuaren politika berriaren ondorioa da», Seaskaren ustez. «Jokamolde berri bat tokiko hizkuntzen irakaskuntzari ahalik ez emateko, hizkuntzaren ospea kaltetzeko asmoz, hizkuntza familiako eremura muga dadin, azterketarako baliagarri diren hizkuntzak ez daitezen izan, ez Bretainian ez eta ere Euskal Herrian», azaldu dute.

Hori dela eta, «politika linguizida eta kolonial berri honen aurrean», Seaskak Euskal Herria deitu du «bere haserrearen agertzerat ondoko egunetan, eta bereziki uztailaren 28an, Ipar Euskal Herrian gaindi pasako den Frantziako Itzuliaren etapa nagusian».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos