Borrar
Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria. ueu
«Bizitza erdigunean jartzeak ekarri behar du lan sistemaren aldaketa bat»
UEUren 50. Udako Ikastaroak

«Bizitza erdigunean jartzeak ekarri behar du lan sistemaren aldaketa bat»

2040 urteko Euskal Herria irudikatzen ari dira bi egunez Usurbilen, Jakin-ek, Usurbilgo Udalak eta UEUk antolatutako jardunaldietan

Jueves, 7 de julio 2022, 18:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Zazpigarren urtez antolatu dituzte Jakin-ek, Usurbilgo Udalak eta UEUk jardunaldiak. 2040ra begira jarri dira aurtengo jardunaldiak: 'EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza' izenburupean. Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria mintzatu da ostegun eta ostiralean Usurbilen egiten ari den jardunaldiaz.

- 2022tik nola ikusten da 2040a?

- Joerak markatzen dituzten prospektibak daude alde batetik. Atzetik etorrita hemendik hainbat urtera nola egongo garen eta zer gerta litekeen esaten dutenak. Bestetik azken bi urtetan ikasi dugun bezala prospektiba horiek hankaz gora jar daitezke hainbat arrazoiengatik: klima larrialdiagatik, gerra bat sortzen delako edo pandemia bat datorrelako. Nola egongo garen? Joerek esaten dute gizarte zahartu batean egongo garela, teknologia oso aurreratuarekin, bakarrik bizitzen, batzuk bakardadean, beste batzuk agian ez, energia mailan eraldaketa handi bat egin beharrean, hiriguneetan gehiago biziko gara landa-guneetan baino eta belaunaldien arteko etena inoiz baino handiagoarekin. Nik uste dut hala ere Euskal Herrian gure lurrera eta gure ezaugarrietara ekarrita beste ñabardura batzuk izango dituela. Adituen argazkia da hori, kontua da argazki horiek egiten dutena gertatuko den edo hori gerta dadin ahalbidetu edo legitimatu egiten duen. Hori horrela izanda zer egin beharko genuke? Bereziki Euskal Herriko neurritik edo neurri txikiagotik begiratuta gauza batzuetan izan ez dadin.

- Zergatik begiratu demografiari, zaintzari, lurraldeari eta hizkuntzari?

- Jakin-en aspalditik genbiltzan demografiaren gaiari heldu nahian. Lau ardatz horiek garrantzitsuak iruditu zaizkigu. Demografiaren oinarrizko elementuak landu nahi genituen, jaiotze-hiltze tasak, jende mugimenduak, migrazioak, datozenak eta goazenak. Hori da landu nahi genuen eremuetako bat, baina eremu horrek ematen dizkigun ondorio horiekin ohartzen gara 2040 horretara begira auzi handi bat dugula konpontzeko edo definitzeko, zaintzarena. Hain zuzen gizarte zahartu bat izango dugulako eta horri begira antolatutako hiriak, herriak eta politikak behar ditugulako. Lurralde desoreka ere hor dugu, Euskal Herrian gertatzen ari da, hirietan jendea pilatzea eta nekazaritza guneak hustea. Hizkuntzekin jendearen joan etorriekin ere zer gertatuko den eta euskararekin zer gertatuko den aztertzeko dago.

«Gizarte zahartu bat izango dugu, eta horri begira antolatutako hiriak, herriak eta politikak behar ditugu»

- Gazterik gabe ez dago etorkizunik, gizartea zahartzen ari da, gaztetuko den esperantza gutxi dago?

- Europako gizartea, gure gizartea geroz eta zaharragoa da, baina aldiz beste herrialde batzuk inoiz baino gazteagoak dira. Arrazoi kolonialengatik, gerrateengatik edo bestelako arrazoiengatik, munduan jende gaztea badago. Europak mugak irekiko ditu edo itxita jarraituko du zahartzen? Gaztetzeko modu bat izan liteke mugak irekitzea eta jendearen zirkulazio librea ahalbidetzea. Ez Europan eta ez Euskal Herrian, baina munduan jende gaztea egon badago eta Europa gaztetzeko ateak ireki litezke.

- Zaintza erdigunean askotan aipatzen da, baina ematen al dira baldintza egokiak hori horrela izan dadin?

- Zaintza erdigunean edo, beste modu batera esanda, bizitza erdigunean jartzea. Baldintzak une honetan oso eskasak dira eta nik uste dut hor ari garela zerbait egiten. Baina nire intuizioa da bizitza erdigunean jartzeak ekarri behar duela lan sistemaren aldaketa bat, hainbat zerbitzuren deskapitalizazioa, kapitalismotik edo merkatutik kanpora ateratzea eta ekarri behar duela despatriarkalizazio prozesu bat. Sinpleago esateko, dirua erdigunean jarri beharrean bizitza erdigunean jarri eta dirua izan dadila horretarako tresna. Gure gaurko gizartean dirua dago erdian, bai bizitzan, gizartean eta gure politika guztietan. Hori kentzen ez dugun bitartean zaila izango da zaintzari, beharrei edo bizitzako behar bitalak erdigunean jartzea.

- Zein da aurtengo jardunaldien helburua?

Auzia denon artean planteatzea da helburua eta guztion artean gai hauetaz jardutea. Prospektibak esaten digunarekin zer erabaki pentsatzea. Datu batzuk ez dira txarrak, baina beste batzuk bai eta unea da pentsatzeko zer egin behar dugun. 2040an, 18 urte barru, haur bat jaio eta heldutasun legalera iristen den tarte horretan zer gizarte nahiko genukeen pentsatzea. Nahiko genukeen horrek agian prospektiban eragin dezake edo prospektibako datuak beste modu batera ikusteko aukera eman dezake.

Zergatik da garrantzitsua jardunaldi hau UEU-ren 50. urteurrenaren baitan kokatzea?

Jakin-ek UEUrekin duen lankidetza zoragarria da, zazpigarren urtea da elkarrekin lanean ari garena eta UEU inoiz baino beharrezkoagoa da. Bere emaitzak, fruituak, lankidetzak, lan egiteko modua, ematen duen guztia azpimarragarria da. UEU eta Jakin-en arteko ezkontzatik gauza ederrak ateratzen dira. Zorionak UEU eta beste 50 urtean.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios