Bilbon salatuko dute ikastolek uztailaren 14an «Frantziako Gobernuaren erasoa»

Nekane Artola, Koldo Tellitu eta Hur Gorostiaga, Ikastolen Etxean egin duten agerraldian./I.E.
Nekane Artola, Koldo Tellitu eta Hur Gorostiaga, Ikastolen Etxean egin duten agerraldian. / I.E.

«Ikastolazale eta euskaltzale» denak deitu dituzte Seaskari sostengua adieraztera, Frantziako Kontsuletxearen aurrean 12:00etan elkartuz

N. AZURMENDI

Uztailaren 14a ez da nolanahiko eguna Frantzian. 1789ko iraultza gogogoratzen dute, eta 1880 urteaz geroztik festa nazionala da. Egun hori aukeratu du Ikastolen Elkarteak Frantziako Gobernuari gogoratzeko, Bilbon deitutako elkarretaratze batekin, Ipar Euskal Herriko ikastolak ez daudela bakarrik, eta gainerako guztien sostengua duela Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioarin dituen istiluetan. «Ikastolazale eta euskaltzale guztiei» dei egin diete eguerdiko 12:00etan Bilboko Frantziako Kontsuletxearen aurrean egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezaten.

Ez dira, berez, istiluak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak esan bezala «aspaldi Frantziako Gobernu batek ikastolen aurka egin duen eraso zuzenena» baizik. Eraso horiek badute jatorri bat: Emmanuel Macronen Gobernuko Hezkuntza Ministerioa, eta horren arduradun Jean-Michel Blanquer ministroa. Gobernua aldatu zenetik ari dira pairatzen Seaska eta Frantziako gainerako tokiko hizkuntzetako ikastetxe sareak «Blanquerren gurutzada» deitu dutenaren ondorioak.

«Urteotan guztiotan Seaskaren hazkundea eragozteko era bateko edo besteko ekimenak egin dituzten arren», azaldu du Tellituk, bereziki makurra da egungo egoera. Izan ere, «Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa denaren ikuspegi jakobino eta kolonialistak itsuturik, gogor ekin dio gure aurka». Ikastoletako ordezkariek presioaren areagotzea Seaskaren hazkundearekin lotu dute. Izan ere, Ipar Euskal Herrian jaiotza tasak behera egiten jarraitzen duen arren urtero handitzen da Seaskako ikastoletan eskolatzen diren haurren kopurua. Seaskak «berebiziko hazkundea bizi du» azken urteotan, eta horrek ikastolen beharrak areagotzen ditu. «Baina guretzat pozgarria dena, Frantziako Gobernuarentzat kezkagarria ei da», Seaskaren ustez.

Postuak eta brebeta

Seaskaren eta Hezkuntza Ministerioaren arteko arazo iturri nagusietakoa da irakasle postuen esleipena. Izan ere, Frantziako administrazioak hornitu behar ditu, eta ez dirudi prest dagoenik Seaskari behar dituen irakasleak emateko. Azken urteotako ikasle kopuruaren handitzearen ondorioz, 2018-2019 ikasturterako 25 irakasle gehiago behar ditu Seaskak, eta hori izan da Ministeriorari egin zion eskaera. «Lehenbizi deus ez genuela izango zitzaigun. Ostean, kalean eginiko presioari eta Iparraldeko hautetsi eta hainbat diputatu eta senatariren bitartekaritzari esker, bost postu eta erdi hitz eman dizkigute. Ez dira inolaz ere nahikoa, eta borrokan segi beharra daukagu, guztiak lortu arte», esan dute Koldo Tellituren ondoan Nekale Artola lehendakariordea eta Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga egon diren prentsaurrekoan.

Bigarren arazo potoloa brebetaren ingurukoa da. Jakina denez, Seaskako hiru kolegioetako 14 urteko 179 ikaslek erabaki zuten zientzietako ikasgaiei zegozkien azterketak euskaraz egitea. Printzipioz, euskaraz egin ditzaketen beste ikasgai batzuetakoak ez bezala, zientzietako azterketak frantsesez egin behar dituzte ikasle guztiek. Iaz, baina, titulua galtzeko arriskuari aurre egin eta euskaraz egin zituzte; irakasle elebidunek zuzendu zituzten eta, azkenean, normaltasunez izan ziren ebaluatuak.

Aurten, ez da horrelakorik gertatu. Ikasleek, iaz bezala, euskaraz egin zituzten zientzietako ikasgaietako azterketak eta, nahiz eta zuzentzaile elebidunak deituta egon, azterketak erretiratu egin zituzten eta euskara ez zekiten zuzentzaile frantsesen esku utzi, zuzen zitzaten. Hur Gorostiagaren hitzetan, «Egiptora joan ziren lehen arkeologo zuriek hieroglifikoak irakurtzen zituzten bezala» egin zituzten zuzenketak; hots, tutik ulertu gabe. Ondorioz, ikasle bakar batek ez du zientzietako azterketarik gainditu. Zorionez, «gainerako ikasgai guztietan nota oso onak izan dituztenez», denek lortu dute brebeta, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen ziklotik bigarrenera igarotzeko gainditu behar den azterketa.

«Frantziako Gobernuaren bi ekimen horiek argi adierazten dute hartu duen bidea», esan dute agerraldian. Ikastolen bidea ere argi dago: «Ez dugu amore emango baina, era berean, ikastolak bakarrik egoera iraultzea ia ezinezkoa da». Iparraldeko ikastolak, dena den, ez daude bakarrik. Badute Elkargoaren, Departamentuaren, Hautetsien eta Eskualdearen babes betea, espresuki adierazia, nahiz eta horrek, oraingoz, ez duen eragin handirik Parisen. «Iparraldean klase politiko eta sozial denak sostengatzen gaitu. Arazoa Paris da, eta arazo politikoa bilakatu da», adierazi du Gorostiagak.

Haren aburuz, Parisen nahia da «arazoa ahaztea, usteltzen uztea irailera arte». Seaskak ere gogoan du iraila, eta aurreratu du «ez dela sartze normala» izango. Frantziako Tourra Iparraldetik pasatzen den egunerako ere ari dira protesta ekitaldiak prestatzen. Aurrerago iragarriko dute zer egingo duten uztailaren 28ko etapan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos