«Bikaintasunean, eta ez elitismoan» oinarritutako unibertsitate publikoa aldarri

33.000 ikaslek baino gehiagok hasi dute ikasturtea EHUn. Gehienak emakumeak dira/Ignacio Perez
33.000 ikaslek baino gehiagok hasi dute ikasturtea EHUn. Gehienak emakumeak dira / Ignacio Perez

Unibertsitate publiko bikaina eta ez-elitista da EHUk jomuga izango duena, Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez. Horretarako, unibertsitatearentzako finantzabide «egonkorra eta nahikoa» eskatu du

Ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldian, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eskatu du finantzabide «egonkorra eta nahikoa» ezartzeko, horrela «bikaintasunean, eta ez elitismoan» oinarritutako unibertsitate publikoa sortu ahal izateko.

Zeremonia horretan izan dira, baita ere Euskal Herriko Unibertsitateko Areto Nagusian, Bizkaiko Campusean, Iñigo Urkullu lehendakaria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesús San José, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta Manuel Lezertua arartekoa. Halaber, bizitza akademikoaren, euskal gizartearen eta Legebiltzarreko partidu guztien hainbat ordezkari bertaratu dira.

Balluerkak bere mintzaldian azpimarratu ditu, bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak ikasturte berrian zain izango dituen erronka nagusiak. Batez ere, bikaintasunaren aldeko hautu garbia egin du: «Unibertsitate publiko bat ezin daiteke elitista izan, eta, hortaz, ezin du oztoporik jarri bere sarbide sisteman, edo gaitasun intelektualaz bestelako eskakizun irizpiderik erabili».

«Unibertsitate publiko bat izan daiteke, eta izan behar da bikaintasuna gidari duen unibertsitatea, egunetik egunera hobea izaten lehiatuko dena arlo profesional, intelektual eta instituzionalean, eta pertsona bakoitzari ahalegin eta prestasunik handiena eskaini eta eskatuko diona, helburu profesionalak lortzeko lanean eta besteenganako zerbitzuan».

Era berean, errektoreak azpimarratu du orain ontzen ari den unibertsitate planak UPV/EHUren etorkizunerako izango duen garrantzia. Hori dela eta, eskatu du euskal unibertsitatearen «helburuak betetzeko eta kalitatea hobetzeko adinakoa den finantzabide eredu bat», baina gaineratu du UPV/EHUk hori eskatzen duela «ardura partekatuaren ikuspegitik. Izan ere, unibertsitatea ez da baliabideak eskatzera mugatu behar; bere eginkizuna ere hartu behar du bere gain, bi helbururen bidez: lehenik, bere baliabideak sortzea; eta bigarrenik, legez esleitzen zaizkion baliabideak ahalik eta modurik eraginkorrenean erabiltzea».

Ikerketaren garrantzia

Hitzaldian errektoreak nabarmendu du, halaber, ikerketak daukan garrantzia UPV/EHUren unibertsitate eredurako, eta 2019-22 aldirako diseinaturiko Ikerketa Planaren berri eman du. Beste plan batzuei ere ekingo die, hala nola Eleaniztasun Planari, Euskararen III. Plan Gidariari eta Garapen Jasangarrirako Plan Estrategikoari.

Hala berean, unibertsitateak lan eskaintza publikoak abiaraziko ditu bai administrazio eta zerbitzuetako langileentzat eta bai irakasle-ikertzaileentzat. Arlo akademiko hutsari dagokionez, ikasketa berriak ezartzeko asmoa dago: gradu bikoitzak, masterrak, doktorego programak eta prestakuntza dualeko ibilbideak.

Gainera, ikasturte berri honetan lanari ekingo dio Jarduera Fisikoa Ikertzeko Gune berriak. Gasteizko Udalak lagatako espazio bat da, eta bertan hainbat ikertaldek aztertuko dituzte jarduera fisikoak herritarren osasunean dituen eraginak. Bestalde, HiTZ erreferentzia gune berria jarriko da abian Donostian, IXA Taldeak proposatutako Hizkuntza Teknologiako Zentroa.

Ikasleen gehiengoa andrazkoak dira

Graduko 33.000 ikaslek baino gehiagok hasi dute ikasturtea EHUn. Eskainitako 86 graduetan 8.300 ikasle berri matrikulatu dira. Emakumeak dira %55 eta gizonezkoak, %45. Hizkuntzari dagokionez, horietariko %52 euskarazko taldeetan matrikulatu dira, eta %48, gaztelerazkoetan.

Campusen arabera aztertzen baditugu ikasle berrien datuak, Bizkaiko Campusean matrikulatu dira %55,25; Gipuzkoakoan %24,84; eta Arabakoan, %19,91. Arloen arabera sailkatuta, %44 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulatu dira; %22,3, Ingeniaritza eta Arkitekturan; %15,4, Osasun Zientzietan; % 10 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 8,3 Zientzien adarrean.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzak du aurtengo gutxieneko notarik altuena: 13,01. Atzetik du Biokimika eta Biologia Molekularra (12,534); Medikuntza (12,332); Fisika (12,147) eta Bioteknologia (12,032). Bestalde, 11tik gorako gutxieneko notak dituzte Odontologiako, Fisioterapiak, Matematikak eta Erizaintzak graduek, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzak, Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitzak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos