Bikaintasun sariak Tknika eta Euskadiko Lanbide Heziketarentzat

Berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua dira Tknikaren egitekoak, alor askotan, nekazaritzakoa barne./ARIZMENDI
Berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua dira Tknikaren egitekoak, alor askotan, nekazaritzakoa barne. / ARIZMENDI

Lanbide Heziketaren Foro Europarrak eman ditu sariak, urtero egiten duen biltzarrean

Lanbide Heziketaren Foro Europarrak (EfVET, European Forum of Technical and Vocational Education and Training) EfVET Award of Excellence 2018 bikaintasun saria eman die Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroari eta Euskadiko Lanbide Heziketari. EfVET foroak urtero antolatu ohi duen biltzarrean eman dio saria euskal Lanbide Heziketari, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Aurten, «Rethinking VET for Inclusive Excellence!» (Bikaintasun inklusibora bidean, Lanbide Heziketa birpentsatzea) lelopean egin du biltzarra EfVETek, Italiako Como lakuaren inguruan, Europako eta bestekontinente batzuetako 250 lagun ingururen parte hartzearekin. Lanbide Heziketako hezkuntza sustatzen, hobetzen edo berritzen eragin iraunkor eta garrantzitsua izan duten pertsona, erakunde eta proiektuei aitortza egiten die sariak.

EfVET, Lanbide Heziketaren Foro Europarra Europako Lanbide Heziketako profesional eta eragileek sortutako elkarte profesional nagusienetakoa da. Elkarteak zuzenean ordezkatzen du bere kideen ikuspuntua Lanbide Heziketarekin zerikusirik duen gai orotan, Europako Batasuneko erakunde zein kidego guztien aurrean. Horrez gain, kontsulta organoa ere bada.

Sariaren hirugarren edizioak EfVET-eko kide diren 25 herrialde baino gehiagotako 170 kideen ekarpenak ere aitortu ditu. Bost izan dira aurten sarirako izendatuak: Herbeheretako Mentorprogramma Friesland Proiekua (MPF), Turkiako ISMEK College, Turkiako Obserfashion Erasmus+ Project, Raimo Sivonen Finlandiako Kainuu Vocational College-eko zuzendaria eta Euskadiko Tknika.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika. Ardatz nagusitzat berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua izanik, Euskadiko Lanbide Heziketa Europako abangoardian kokatzea lortzeko asmoz lan egiten du. Sareko lanaren bitartez eta Lanbide Heziketako irakasleen inplikazioari esker, munduko eredurik aurreratuenak erreferentetzat dituen zentroak teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren eremuekin lotura dutenberrikuntza proiektuak garatzen ditu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos