Borrar
Balluerka eta Artolazabal, aurkezpenean EHU
«Baiezta dezakegu unibertsitateko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia tasak dituela»

«Baiezta dezakegu unibertsitateko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia tasak dituela»

EHUko ikasleen %85ek prestakuntzari lotutako enplegua du titulazioa eskuratu eta hiru urtera

DV

Donostia

Lunes, 15 de julio 2019, 11:44

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

EHUko ikasleen %85ek prestakuntzari lotutako enplegua du titulazioa eskuratu eta hiru urtera. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestaren datuen arabera, ikasleen %85ek prestakuntzari lotutako edo bere lanbide gaikuntzari dagokion enplegua du titulazioa eskuratu eta hiru urtera, eta lau ikasletik hiruk aldi berean graduko ikasketetara erabat egokitzen den enplegua aurkitu dute.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak Lanbide enplegu erakundeak eginiko landa lanaren emaitzak aurkeztu dituzte, Bilbon. 2015eko egresatuen %72k parte hartu du lan horretan, hau da, EHUko campusetako 6.981 gaztek.

Halaber, EHUko errektoreak euskararen edo ingelesaren lanbide erabilerari buruzko datuak eskaini ditu, ezagutza eremuen arabera. Horrela, inkesta egin duten pertsonetatik, %66k Gizarte Zientzietan egunero euskara erabiltzen duela adierazi du, %55ek Giza Zientzietan, %47k Zientzia Esperimentaletan, %43k Osasun Zientzietan, %31k Tekniketan eta %30ek Zientzia Ekonomiko Juridikoetan.

Ingelesa dela eta, honako hauek dira emaitzak: %39k Tekniketan egunero ingelesa erabiltzen du, %33k Zientzia Esperimentaletan, %32k Giza Zientzietan, %25ek Zientzia Ekonomiko Juridikoetan, %18k Gizarte Zientzietan eta %7k Osasun Zientzietan.

Balluerkaren iritziz, datu horiek berresten dute EHU «zuzen» dabilela «nazioartekotzearen aldeko apustuan». «Horrek hizkuntza eta kultura dimentsioa ere badu eta, bestalde, gure unibertsitatearen izaera euskalduna haren identitatearen balio osagarria izateaz gainera, benetako gizarte eta lan beharren araberako erantzuna ere badela berresten du», gaineratu du.

Laneratzea hiru urte geroago

Lanbidek inkesta bidez aztertzen du urtero EHU eta Deustuko eta Mondragon unibertsitateetan titulua lortzen duten 10.000 pertsonen laneratzea. Titulazioaren hiru urte geroago egiten du, haren irizpideen arabera, nahikoa denbora delako lanbide karrera bat sektore edo lanbide zehatz batera bideratzeko.

Unibertsitateko promozioekin batera, Eusko Jaurlaritzak inkesta egiten die urtero lanbide heziketa arautuak eta enplegurako edo okupaziorako prestakuntzak eratutako Lanbide Heziketaren sistemako beste 16.000 pertsonari, euskal hezkuntza sistemaren bi ate naturaletatik lan merkatura doazen pertsonen laneratzeari buruzko adierazle nabarmenenak ezagutzeko.

«Informazio sistema oso eta handi horren emaitzek hezkuntza baliabideen plangintza eta kudeaketa hobetzen laguntzen dute, eta funtsezko inputa dira orientazio pedagogiko eta lan orientazioko sareen lanerako», nabarmendu du Artolazabalek.

Era berean, Balluerka pozik agertu da emaitzengatik: «Krisi ekonomiko oso gogorra gainditu dugu. 2015eko promozioaren laneratzeari buruzko datuak positiboak dira, baina gogoan dugu lanean jarritu behar dugula, datu horiek hobetzeko. Nolanahi ere, krisiaren unerik txarrenetan ere hautsi ez zen printzipioa berretsi da: trebakuntza akademiko hobeak lanbide asmo handiagoak dakartza, erantzukizun handiagoa eta ordainsari handiagoa. Zehazki, EHUko 2015eko promozioaren okupazio tasa %91,96koa da; horrek erakusten du gure unibertsitatean ikastea aukera ona dela lan merkatura jotzeko».

Horrela, 2018ko amaieran, Lanbidek kontsulta egin zuenean, EHUko 2015eko promozioko %87k enplegua aurkitu zuen, hau da, 6.000 pertsona inguruk; beste %7k jarraitzen zuen lan-merkatuan lanbide-irteera bilatzen (500 pertsona), eta gainerako %6 graduondoa edo beste karrera bat ari zen ikasten inkesta egiteko unean (400 ikasle).

Langabezia tasa %8 izanik, 2015eko promozioak 2014koak baino %3,6 puntu gehiago eta 2013koak baino 16 gehiago izan du. «Inkestaren datuak estrapolatuz, baiezta dezakegu unibertsitateko laneratzeak krisiaren aurreko aldiaren antzeko langabezia tasak dituela», esan du Artolazabalek.

Enpleguari dagokionez, unibertsitate ikasleen egoerarik onena prestakuntzari lotutako enpleguaren gorakadan islatu da: 2018an %85ekoa izan zen. Ikuspuntu kualitatibotik, lau pertsonatik hiru beren ikasketetara egokitutako enplegu batean lanean jardun zuen, alegia, «beren arloan» zebiltzan lanean.

«Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago lana aurkitzeko eta, batez ere, okupazioen maila altuenetan sartzeko», esan du Artolazabalek. Beren unibertsitate prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan lan egiten duten pertsonen %80k euskal lurraldeko enpresetan egiten du.

2015eko unibertsitate promozioa lan merkatura nolabaiteko erraztasunez jo zuen -11 hilabete, batez beste-, eta nagusiki prestakuntzari lotutako postuetara. 2018ko amaierako enplegua zuten 6.000 pertsona inguru horietatik, %20k astean 20,5 orduko lanaldi murriztuan egiten zuen -%27, emakumeen kasuan-.

Sistematikoki, neskek lanaldi murriztuen ehuneko handiagoak dituzte unibertsitateko laneratzeari buruzko inkestaren serie historikoan. «Lanaldi murriztua eragozpen bat da bizitza proiektu pertsonala eta familiarra osotasunez garatzeko, eta horregatik ari gara handicap horiek saihesteko lanean», nabarmendu du Artolazabalek.

Lanaldi partzialaren berehalako ondorioa soldata murriztuagoa da. 2015eko promozioko okupatuen %25ek enpresa publikoan lan egiten duela aintzat hartuta, lanaldi murriztuan lan egiten dutenen batez besteko soldata 864 eurokoa da, eta lanaldi osokoa 1.560 euro garbikoa, 14 ordainsaritan, 2009ko maila berak. Soldata hori %8 murrizten da emakumeen kasuan.

«Enpleguaren hobekuntzan eta lan baldintzen kalitatean sakontzen jarraitu behar dugu, erabateko proiektu profesionala, pertsonala eta familiarra garatzeko eragozpenik ekarriko ez duten jardunaldi eta soldatekin», esan du Artolazabalek.

Bestalde, Balluerkak euskal unibertsitate publikoko egresatuen kolektiboaren laneratzea zehazten duten faktoreez hitz egin du. «Inkesta erantzun duten pertsonen iritziz, prestakuntza akademikoa funtsezko elementua izan da laneratzeko prozesuan. Lehenengo eta behin, graduko titulazio espezifikoan eragiten du, baina baita izaera akademikoko beste jarduera batzuetan ere, besteak beste, unibertsitate praktiketan, graduondoren bateko espezializazioan edo atzerriko hizkuntzen ezagutzan».

Gogoetak partekatu dituen kolektiboaren %42ren iritziz, alderdi akademikoak erabakigarriak izan dira. Horrela ulertu dira, besteak beste, honako faktore hauek: aurretiko lan esperientzia (%31), gizarte ingurunea eta ezaugarri pertsonalak (%31) edo prestakuntza osasgarria (%27). Inkesta bete duten pertsonen %5ek «zortea» aipatu du, beren kasu zehatzeko faktore garrantzitsu gisa.

Azkenik, EHUko egresatuek titulazioa lortu eta hiru urtera eskuratzen duten soldataren ebaluazioa ere aztertu da. Zehazki, batez besteko soldata garbiak (lanaldi osoan), ezagutza arloen arabera, honako hauek dira: Zientzia Esperimentalak, 1.290 euro; Zientzia Ekonomiko Juridikoak, 1.420 euro; Gizarte Zientziak, 1.448 euro; Giza Zientziak, 1.480 euro; Teknikak, 1.677 euro; azkenik, Osasun Zientziak, 1.795 euro.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios