Brebetaren euskarazko azterketen auzian, Akitania Berria eskualdearen babesa du Seaskak

Seaskako guraso eta irakasleek hizkuntza diskriminazioa salatu zuten asteazkenean Bordelen, Errektoretzaren aurrean./SEASKA
Seaskako guraso eta irakasleek hizkuntza diskriminazioa salatu zuten asteazkenean Bordelen, Errektoretzaren aurrean. / SEASKA

Tokiko hizkuntzen ardura duen Charline Claveau-Abbadie kontseilariak lehentasunezkotzat jo du lortzea «kolegioetako ikasleak ez daitezen izan zigortuak»

Brebetako zientzia ikasgaietako azterketak euskaraz egin izanak kinka larrian jarri ditu Seaskaren Piarres Larzabal, Xalbador eta Manex Erdozaintzi Etxart kolegioetako 14 urteko 179 ikasle, Iparraldeko ikastolen elkarteak salatu moduan Jean-Michel Blanquer-en ardurapeko Hezkuntza Ministroak azterketa horiek jaso -«bahitu» hitza darabil Seaskak- eta zuzendu gabe uzteko agindua eman baitio Bordeleko Akademiako Errektoretzari, nahiz eta hitzartuta zeuden jada zuzentzaileak.

Jakina denez, legezko egoerari estuki atxikita, kolegiotik lizeora igarotzeko behar diploma nazionala lortzeko egin behar diren azterketen artean, euskaraz egin daitezke matematika eta historia-geografiakoak. Iaz, Seaskako ikasleek erabaki zuten zientzietakoak ere euskaraz egitea. Halaxe egin zen, eta azterketa horiek guztiak ebaluatuak izan ziren. Iazko jarrera berbera izan dute aurten ikasleek, baina Ministerioarena eta Errektoretzarena aldatu egin da. Hain zuzen ere, datorren asteetarako protesta ekitaldiak iragarri dituen Seaskako kide ugari Errektoretzaren Bordeleko egoitzaren aurrean kateatu ziren atzo, asteazkena, hizkuntza diskriminazioa salatzeko eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko.

Ministerioa hartzen ari den erabakiekin lehendik ere haserre zegoen Seaskaren haserrea areagotu duen auzian Akitania Berria eskualdearen babesa jaso dute Iparraldeko ikastolek. Izan ere, ohar baten bidez adierazi duenez, Eskualdeko Kontseiluak bat egiten du 179 azterketa horiek kontuan hartu ez izanagatik Seaskak abiarazi dituen protestekin.

«Tokiko hizkuntzen aintzatespena Eskualdearen proiektuaren bihotzean dago», azaldu du Charline Claveau-Abbadie tokiko hizkuntzen ardura duen kontseilariak. Gogoratu du, gainera, arlo horretako jarduerak «eragileekin eta elkarteekin lankidetzan» eta Errektoretzarekin «aspaldi eraikitako elkarrizketan» oinarrituta ari direla bideratzen. «Horrenbestez -dio-, garrantzitsua da helburu komunak errespetatzea eta, lehenik eta behin, lortzea kolegioetako ikasleak ez daitezen izan zigortuak».

Errepublikako Presidente Emmanuel Macronek ekainaren 21ean Bretainiako Kemperren esandako hitzak ere gogoratu ditu Claveau-Abbadiek. Macronek, hain zuzen, tokiko hizkuntzek «eskualdeei indarra ematen dien sustraitzean» duten toki gailena nabarmendu zuen, eta horien irakaskuntza bermatu. Akitania Berriko arduradunak zabaldu duen oharraren arabera, egun gutxiren buruan kontraesan nabarmenak antzeman dira haatik hitzen eta ekintzen artean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos