Ia 900.000 euro banatu dituzte Elkartasun Ikastolek

Koldo Tellitu, Hernaniko Orona Ideon egindako batzarrean.. /I.E.
Koldo Tellitu, Hernaniko Orona Ideon egindako batzarrean.. / I.E.

Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek elkartasun kutxan, eta diru hori banatzen dute premia handienak dituztenen artean

Aste honetan Hernaniko Orona Ideon egin duten ohiko Batzar Nagusian azaldu bezala, Elkartasun Ikastolek ia 900.000 euro banatu dituzte aurten, aurreko urteetako kopurua handituz. Zehazki, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea delakoak 872.000 euro banatu ditu eskaera egin duten ikastolen artean, premiarik handiena duten ikastolei laguntzea baita kooperatibaren eta kooperatibisten xedea. «Berriro ere agerian geratu da kooperatiben balio nagusietakoa: gizarte ekintzarena», azaldu dute Batzar Nagusiaren berri emateko zabaldu duten oharrean.

Guztira, bederatzi ikastola izan dira onuradunak, Ipar Euskal Herrikoak, Nafarroakoan zein EAEkoak. Laguntza handiena jaso duena (200.000 euro) Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa izan da. Kanboko Ikastolen Etxeak (46.272); Tuterako Argia ikastolak (93.000); Lodosako Bastida ikastolak (33.000); Aguraingo Lautada ikastolak (91.000); Argantzungo Argantzon ikastolak (100.203); Ibarrako Uzturpe ikastolak (123.000) eta Beasaingo Andramendi ikastolak (82.605 euroko mailegua) ere jaso dituzte laguntzak.

Izan ere, urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek, eta diru hori banatzen dute euren artetik gehien behar duten ikastolen artean. Horrela, «euren kabuz aurrera egiterik izango ez zuketen, edo nekez egingo zuketen proiektuek, ikastola guztien bultzada jasotzen dute». «Sortze fasean, garapen fasean edota krisian den ikastolak aurrera egin dezan, gainerako ikastolek egiten dugun elkartasun adierazpena da Elkartasun Kutxa», zehaztu dute. Ikastolen sareko 56.860 ikasleen gurasoek ordaintzen dituzten kuotetatik irteten da, alegia, diru hiru.

1990.eko hamarkadan ikastolek Elkartasun Kutxa sortu zuten xede horretarako; hamarkada honetan Europar Kooperatiba bilakatu zen, Elkartasun Ikastolak izena hartuz. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek osatzen dute, hain zuzen, Elkartasun Ikastolak kooperatiba.

Koldo Tellituk batzartutako kideei azaldu zienez, «elkartasun adierazpen handia da, bai; gurea proiektu nazionala delako, kooperatiba garelako, ikastola bakoitza ikastola mugimenduaren, Ikastola proiektuaren eta Ikastola ereduaren tokiko adierazpena delako».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos