2.700 gaztek hartuko dute parte Udalak euskararen erabilera bultzatzeko martxan jarritako ekimenetan
Hiru ekimen nagusiren bitartez, Udalak gazteen artean euskararen erabilera areagotzen jarraituko du abenduan
Ander Artetxe
Igandea, 7 abendua 2025, 11:56
Donostiako Udalak gazteen artean euskararen erabilera sendotzeko apustua indartuko du abenduan, kultura digitala, parte-hartze eskolarra eta antzerkia uztartzen dituzten hiru ekimenen bidez. Guztira, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2.600 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte udaleko Euskara Zerbitzuak koordinatutako jarduera hauetan.
Xare Euskara Digitalaren VI. Jardunaldiak abenduaren 9an eta 10ean egingo dira UPV/EHUren Gipuzkoako campusean, Ibaetan. Hitzordura 4. DBHko eta 1. Batxilergoko 550 ikasle bertaratuko dira. Jardunaldien helburua euskarazko eduki digitalen kontsumoa sustatzea eta gazteak euskarazko tresna, baliabide eta praktika teknologikoetara hurbiltzea izango da.Goizean zehar, parte-hartzaileek hiru gune tematikoetatik igaroko dira: Ikas gunea, ERA gunea eta Jokoen gunea. Horretaz gain, tailer praktikoetan ere arituko dira: tresna digitalen inguruko ikastaroak, aztarna digitalari eta sareen erabilera arduratsuari buruzko jarduerak, eta Egunean Behin jokoa edota Zainduz saretu ihes-gela bezalako dinamika interaktiboetan parte hartuko dute.
Beste hitzordu nagusietako bat Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetako Euskara Batzordeen zazpigarren Topaketa, abenduaren 12an Tabakaleran egingo dena izango da. Euskararen sustapenean inplikatutako 14 eta 17 urte arteko 130 gaztek hartuko dute parte elkarbizitzarako eta esperientziak partekatzeko egunean. Aldapeta Maria, IES Altza, IES Antigua-Luberri, IES Arantzazuko Ama, Ekintza, IES Lauaizeta, La Asunción, San Luis La Salle, IES Usandizaga eta Zurriola ikastolako ikasleak izango dira bertan.
Batzordeek urtero egiten duten lanak ikastetxe barruan euskararen erabilera indartzea du helburu; besteak beste, euskarazko musika-zerrendak sortzen dituzte eta, urtarriletik martxora, Korrikarekin loturiko ihes-gelak diseinatuko dituzte. Korrikaren 24. edizioa martxoaren 19tik 29ra egingo da.
Azkenik, abenduaren 16tik 18ra, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 2.000 ikaslek «Romeo eta Julieta» antzezlanaren emanaldia ikusiko dute Principal Antzokian, Gazteak Antzerkira programaren barruan. Programa horren helburua euskarazko antzerkia gazteei gerturatzea da.
Udalak antzerkira joateko ohiturak sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzen dituela nabarmendu du, eta, aldi berean, gazteei aisialdirako guneak eskaintzen dizkiela ingurune digitaletik harago.