Elkarlana, ezinbestekoa 'euskal unibertsitate irekian' pentsatzen hasteko

Ezkerretik eskuinera, Iratxe Esnaola, Carles Sigalés, Juan Jose Alvarez eta Iñaki Alegria./
Ezkerretik eskuinera, Iratxe Esnaola, Carles Sigalés, Juan Jose Alvarez eta Iñaki Alegria.

UEUk deituta, unibertsitateko euskarazko online eskaintzaz mintzatu dira Donostian erakundeetako eta Euskal Herriko hainbat unibertsitateko ordezkariak, eta egokitzat jo dute gehienek ekimena

M. IMAZdonostia

Ez dirudi bihar goizerako kontua denik, baina UEUk deituta Donostian bildu diren erakundeetako eta Hego Euskal Herriko aurrez aurreko unibertsitateetako ordezkariek begi onez ikusi dute unibertsitateko euskarazko online eskaintza bideratuko lukeen ekimen bat. Donostian egin den 'Euskarazko online eskaintza unibertsitatean: egoera eta erronkak' jardunaldiaren irekieran, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak horrelako eskaintzaren beharrezkotasuna berretsi du, eta bideragarria izan dadin ezinbesteko jo dute eragile guztien arteko elkarlana.

Erakundeei emandako tartean, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren ordezkariak mintzatu dira. Unibertsitate zuzendari Javier Alonsoren ustez, hizkuntzak ikasle kopurua mugatzen badu ere, horrelako eskaintza baterako publikoa egon badago. «Unibertsitate eta erakunde bakoitzak eman ditzaken puntako ikastaroak online eta euskaraz eskaintzea» erabakigarri jo du, eta unibertsitatea «irekia eta inklusiboa» izan beharko litzatekeela erantsi du. Foru Aldundiko Gotzon Egiak «unibertsitate irekiak, jakintza nonahi eta noiznahi eskainiko dutenak» beharrezkoak direlakoan, azaldu du hain zuzen 2010az geroztik online eskaintzara bideratu du erakundeak UEUri ematen dion babes ekonomikoa. Hizpide izan duten ereduak, Egiaren ustez, alor honetan «hutsetik eta oinordekotzarik gabe» aritzeak ahalbidetuko luke, «eredu propioa, baldintzatu gabea eta gaztea» garatzea.

Euskaltzaindiaren izenean jardun den Erramun Osa ere bide propioa jorratzearen alde azaldu da, beste hiztun komunitate batzuekin alderaketak egin gabe. «Gure komunitateari begira egin behar dugu lan, eta erreferente eta ikusgai egingo gaituzten proiektuak sustatu. Ezin dugu hori banaka, eremu bakan batzuetan egin; elkarlana ahalbidetu behar dugu», esan du. Osaren hitzetan, errentagarritasun ekonomikoari baino, sozialari erreparatu behar zaio, eta baliabideak jartzea eskatzen die horrek erakundeei.

Adibidez, Katalunia

Carles Sigalés Condek, UOC Universitat Oberta de Catalunyako Ikaskuntza eta Irakaskuntzako errektoreordeak, 21 urteko ibilbidea duen unibertsitate irekiak kataluinar jendartean izan duen eragina aditzera eman du. Sigalés Condek gogora ekarri du Kataluniako Generalitateak katalanezko eskaintza garatu nahi izan zuela UNEDen baitan, eta erakunde honen ezezkoa jasota, bere kontu, beste unibertsitate bat sortzea erabaki zela. Gaur egun, 200.000 laguneko komunitatea du, eta 50.000 ikasle eta, gutxi gora-behera, 70.000 graduatu ditu. Ikasleei dagokionez, %80ak lanean dihardu, %70ak beste titulu bat dauka, eta %60a 30 urtetik gorakoa da. Beraz, Sigalés Condek azaldu du unibertsitate irekiko ikasleak eta direla aurrez-aurreko unibertsitateetara joango liratekeenak, alegia, unibertsitatea hazi ahala, beste unibertsitateek ez dutela ikaslerik galtzen.

«Online unibertsitatea» baino, «online eskaintza duen unibertsitatea» dela argitu du; izan ere, bi ikerketa zentro ere baditu. 44 ikerketa talde eta 350 ikerlaritik gora dabiltza hauetan buru-belarri. Hizlariak azpimarratu du azken bi hamarkadetako Kataluniako eraldaketan eragina izan duela UOCek, «gizarte digitalera bidean, unibertsitate inklusiboari esker, kapital humanoa eransten zein Kataluniako hizkuntza eta kultura mundura zabaltzen». Galderen tartean, UOCen antzeko zerbait proiektu bat gaur egun Euskal Herrian garatzeko gakoak zeintzuk liratekeen galdetu diote Sigales Conderi, eta nabarmendu du hartzailea ongi identifikatu behar dela eta beste unibertsitateekin lehiatu baino, elkarlana bilatu behar dela.

UOCeko errektoreordeak hitzartzea amaituta, Juan Jose Alvarez, UNEDeko irakaslea, eta UEUko zuzendaria, Iñaki Alegria, batu zaizkio mahai inguruan. Juan Jose Alvarez unibertsitateen arteko elkarlanaz aritu da, eta herri gisa eutsi beharreko erronka handitzat jo du: «Behin unibertsitate eta ikerkuntza sistema erakunde-arkitektura egoki batez hornituta, sistema integratu egin behar dugu, partaidetza eta elkarlana sustatuko dituen sistema indartsu eta organiko bilakatu». Haren arabera, unibertsitateek «eredu propioak dituzte, eta beren emaitzak hobetze bidean egiten dute lan, gorentasuna bilatuz eta, zilegizkoa denez, elkarren artean lehiatuz». Bere buruari galdetzen dio ez ote litzatekeen tarterik egon beharko elkarlanerako, ez ote genituzkeen lidergo partekatuak bilatu beharko, unibertsitate bakoitzaren eta bertako profesionalen teknologia eta know how-a «gure kultura, hizkuntza eta munduaren ezagutzaren isla izango den unibertsitate birtual, on line eta euskaldun» baten zerbitzura jarriz. Dimentsio hori giltzarri izan liteke Basque Country markaren nazioartekotze estrategian ere. Haren iritziz, graduondokoetatik hasi beharko litzateke elkarlana, eta aurrerago, unibertsitateen arteko beste alor batzuetara zabaldu.

Iñaki Alegriak, bestalde, azaldu du Udako Euskal Unibertsitateak 44 urte daramatzala Euskal Unibertsitatearen alde lan egiten, eta 2003an hasi zuela on line unibertsitatearen aldeko apustua: «UEUk, UOCek eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu genuen proiektu bat lantzeko, baina zoritxarrez, ez zuen aurrera egin. 2013tik, berriro ekin diogu proiektuari, behar-beharrezkoa dela sinestuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso dugu, eta Euskal Unibertsitatea elkartearen babes osoa izan dugu».

UEUko zuzendariaren hitzetan, online unibertsitatea «euskal unibertsitatearen behar handienetako bat da, eta bideragarria da». Horixe egiaztatu dute azken hiru urteotan egindako azterketek: beharrezkoa eta egingarria dela. Azpimarragarria da 23.000 euskaldun leudekeela hurrengo urteetan graduak online ikasteko asmotan, baina Alegriak erantsi duenez, ezinbestekoa izango litzateke prezioak publikoak izatea. Unibertsitate berri horrek, gainera, ikerlari eta irakasle gazteen integrazioa ahalbidetuko luke, eta online irakaskuntzari eta aro digitalari bideratutako ikerketa, eta EAE, Nafarroa eta Iparraldearen arteko lankidetzarako eremua sustatuko lituzkeela adierazi du. «Proiektu teknologikoa baino, aldaketa sozial bati erantzuten dion proiektu bat» behar dela adierazi du, eta bi baldintza dituela ohartarazi du Alegriak: «Administrazioen babesa eta unibertsitateen arteko lankidetza».

 

Fotos

Vídeos